Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Herria ez dagoela Aroztegiko proiektuaren kontra dio Baztango Geroa Baik

Ttipi-Ttapa 2016ko urt. 13a, 10:12
Aroztegiko egitasmoarekin Nafarroako Gobernuak egindako bidea babestu du Baztango Geroa Baik.

Egitasmoak legea betetzen duela eta bailarari lana emanen diola uste du eta udal hauteskundetan proiektuaren aldeko taldeek boto gehiago lortu zituztela azpimarratu du 

Baztango Geroa Baik ohar bidez aipatutakoaren arabera, «Aroztegiko proiektua ez doa baztandarren borondatearen kontra. Borondate hori udalak adierazten du, udala da hirigintza arloan konpetentziak dituen organoa eta proiektuaren alde agertu da». Aipatzekoa da Nafarroako Parlamentuko Garapen Ekonomikorako Batzordeak gaur Aroztegia bisitatzeko asmoa duela.

Baztango Geroa Baik aipatu duenez, «erakunde horretako kide izateaz harro bagaude ere, Baztango Batzar Nagusiak konpetentzia jakin batzuk ditu, Ordenantzetan ongi arautuak daudenak, eta horien artean ez dago Aroztegikoa bezalako proiektu bat onartzea edo ez onartzea». Batzar Nagusiak Nafarroako Gobernuaren erabakia arbuiatu du berriki.

Baztango Geroa Baik dio Aroztegiko UGPSa lehengo gobernuak onartu zuela maiatzean eta gaur egungo Gobernuak, «proiektu hori onartu ondotik egindako errekerimendu batzuei erantzun administratiboa eman bertzerik ez du egin». Geroa Bairen erranetan, «Gobernuak arduraz jokatu du, legalki eskatzen ahal diren baldintza guztiak betetzen dituen proiektu baten segurtasun juridikoa zainduz eta Baztanen eta Nafarroan inbertitu nahi duten inbertsoreak babestuz».

Proiektu honen inguruan Nafarroako Gobernuak jasotzen dituen «eraso eta presioei» aurre egiteko asmoz eta publikoki babesa emateko egin du idatzia Baztango Geroa Baik. Modu berean, Isabel Elizalde eta Manu Ayerdiri ere bere elkartasuna adierazi diete, «Aroztegia eta gero zer? Plataformak eta Sustrai Erakuntzak fundazioak egindako neurrigabeko kritika injustuak» direla eta.

Baztango Geroa Baik dioenez, baztandarrak ez daude proiektuaren kontra. Geroa Bai, UPN eta Baztango Auzolanean taldeek aspaldian agertu omen zuten proiektuaren aldeko jarrera eta «talde horiek 2.216 bozka lortu zituzten udal hauteskundeetan, EH Bilduk eta Ezkerrak 2.044. Egitasmoak gehien ukitzen dituen Lekaroz eta Gartzainen 163 eta 158 boto lortu zituzten, hurrenez hurren. Hori da, eta ez bertzerik, baztandarren borondatea».

Baztango EH Bilduk, bere aldetik, batzarra deitu du gaur Aroztegiko gaia lantzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun