Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko promotorak Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohia salatu du

Ttipi-Ttapa 2015ko abu. 10a, 07:59
EH Bilduren iritziz, «Lekarozen inposatu nahi den proiektua espekulatzailea eta herritarren interesen aurkakoa da».

Kontrako iritzien jazarpen onartezina eta errepresio ideologikoa ikusten du EH Bilduk 

EH Bilduk jakinarazi duenez, Palacio de Arozteguía SL promotoreak Garbiñe Elizegi Baztango alkate ohiari «Aroztegiko aferan herritarren interesak defenditzeagatik eta kritika politiko legitimoa egiteagatik auzitegietan 36.000 euroko salaketa» paratu dio. Salaketa ekainaren 19an aurkeztu zuten.

EH Bildutik argi utzi nahi izan dute «Lekarozen inposatu nahi den udalez gaindiko plan sektoriala proiektu urbanistiko espekulatzailea dela eta herritarren interesen aurkakoa. Lekarozko herritarrak zein Baztango gehiengo soziala proiektu honen aurka agertu da behin eta berriz». Hala ere, Nafarroako Gobernuak enpresaren eskariz udalez gaindiko plan sektorial bezala tramitatzea erabaki zuen eta EH Bilduren oharrak dioenez, «Garbiñe Elizegik alkatea zen heinean posizio hori eztabaida demokratikoaren barnean defenditu izan du».

EH Bilduren arabera, «eskandalagarria da eta adierazpen askatasunaren aurkakoa erabat, enpresa pribatu batek kritika politikoa egiteagatik herritarren ordezkari bat salatzea eta auzitegiak eskaera hori bideratzea». Enpresak bere «ohorearen» aurkako adierazpenak ikusten dituen tokian EH Bilduk kontrako iritzien jazarpen onartezina eta errepresio ideologikoa ikusten du. «Palacio de Arozteguía, SL bere interesak defenditzeko eta proiektuaren kontrako iritzi arrazoituak isilarazteko auzitegiak erabili nahi izatea guztiz onartezina da», EH Bilduren arabera. 

«Mozala legea imitatu nahian, kaltetutako herrien eta herritarren gainetik huts egin duen eredu ekonomiko bat inposatu nahi duten horiei eta salaketekin isilarazi nahi diguten horiei argi utzi nahi diegu lanean segituko dugula herritarren interes orokorrak defenditzen interes espekulatzaileen gainetik», dio akitzeko, EH Bilduren oharrak.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun