Hauteskundeak 2015

Ez da ezustekorik izan udalak osatzerako orduan

Ttipi-Ttapa 2015ko eka. 15a, 09:24
GarbiƱe Elizegiren eskutik jaso zuen aginte-makila Joseba Otondok Baztanen.

Baztanen, EHBilduko Joseba Otondo izanen da alkate Baztango Ezkerraren babesarekin

Larunbatean osatu ziren udal berriak eskualdean ere. Ez zen ezustekorik izan, maiatzaren 24ko hauteskundeek argi xamar utziak baitzituzten kontuak. Gehiengo osorik gabeko udal bakarra zegoen, Baztangoa. Hemen ere ez zen ezusterik izan eta botu gehien jaso zuen EH Bilduko Joseba Otondo izanen da alkate, taldeko lau zinegotzien eta Ezkerrako bien babesarekin. UPNko lau zinegotziek Begoña Sanzberroren alde egin zuten eta Geroa Bai eta Baztan Auzolanean taldeetako zinegotziek zurian bozkatu zuten. Ikusi argazkiak

 

Gainerako udaletan espero zena gertatu zen.

Beran, EHBilduko Josu Iratzoki bueltatuko da alkatetzara, 2007-2011 legealdian egin zuen bezalaxe. Halere, EHBilduko zinegotzi bat oporretan zela eta UPNkoak Herrirako taldeari boza eman zionez, hasieran bosnako berdinketa gertatu zen Iratzoki eta German Castilloren artean. Azkenean, talderik bozkatuena EHBildu izan denez, ez zen ezusterik gertatu. Ikusi argazkiak

Lesakan ere, Jose Luis Etxegarai bueltatu da alkatetzara, oraingoan Geroa Bai taldearekin. Lehen ere alkatea izan zen Etxegarai hamasei urtez, 1987tik 2003ra, orduan PNVko zerrendaburu gisara. Orain, gehiengoa izanen du sei zinegotzirekin eta EHBilduk 5. Ikusi argazkiak

Donezteben, EHBilduko Xanti Uterga erremontelaria da alkate berria sei zinegotzirekin. Alfredo Zugarramurdi independientea buru duen PSNk 3 zinegotzi eskuratu zituen, baina horietako bik EHBilduko alkategaiaren alde bozkatu zuten. Ikusi argazkiak

Leitzan, EHBilduko Mikel Zabaleta da alkate berria, 9 zinegotzirekin. UPNk bi eskuratu ditu.

Etxalarren, aitzineko legealdian bezala, Herri Taldeko Migel Mari Irigoien izanen da alkate, oraingoan gehiengo osoarekin eta 5 zinegotziren babesarekin. Etxalar Bai eta EHBilduk zinegotzi bana izanen dute.

Urdazubin, Azkar taldeko Santiago Villaresek segituko du alkatetzan 4 zinegotzirekin eta Urdazubi Elgarrekin taldeak 3 izanen ditu.

Zubietan, Herriko Taldeko Ernesto Dominguez da alkate berria, 6 zinegotziren babesarekin. Zubietarrak taldeak zinegotzi bakarra izanen du.

Gainerako herrietan, hautagaitza bakarra zegoenez, ez zen ezusterako inolako aukerarik. Honela Arantzan Juan Miguel Almandoz (EHBildu), Areson Ur Algero (Areso Eraikiz), Bertizaranan Andres Etxenike (EH Bildu), Donamarian Maite Urroz (Herriarengatik), Goizuetan Unai Loiarte (EH Bildu) ikusi argazkiak, Iturenen Mari Jose Bereau (EH Bildu) eta Sunbillan Amets Inda (EH Bildu) dira alkateak. Horietako batzuk berriak dira eta bertze batzuk bertze lau urtez karguan segitzen dutenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun