Nafarroa Oinez 2015

Jose Mari Apezetxea omenduz ireki dute Artea Oinez erakusketa

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 11a, 09:12
Baztan, barnetik kanporat erakusketan parte hartzen duten margolarietako batzuk Arizkunenean. Argazkia: Juan Mari Ondikol

Baztan, barnetik kanporat erakusketa ibiltaria ikusgai izanen da maiatzaren 21a bitarte Arizkunenean

Baztan Ikastolak antolatuko du heldu den urriaren 18an Nafarroa Oinez besta eta, horren baitan, hainbat jarduera egiten ari da urtean zehar. Apirilean Artea Oinez erakusketa ibiltaria inauguratu zen Iruñean eta, orain, Baztanera heldu da. Maiatzaren 6tik 21era Elizondoko Arizkunenean dago ikusgai Baztan, barnetik kanporat erakusketa osatzen duten 59 artelanak. 

 

Baztan inspirazio iturri izan duten eta duten artisten lan gehienak olio-pinturak dira, baina badaude eskulturak, grabatuak eta serigrafiak ere. Baztan, barnetik kanporat erakusketa maiatzaren 21a bitarte dago ikusgai, astelehenetik ortziralera 18:00etatik 20:00etara eta igande eta besta egunetan 12:00etatik 14:00etara.

 

Apezetxeari omenaldia

Baztango Arizkunenea kultur etxean erakusketa joan den asteazkenean zabaldu bazen ere inaugurazio ofiziala ortziralean, maiatzaren 8an, egin zen eta Jose Mari Apezetxea margolari erratzuarrari omenaldia eskaini zitzaion. Baztan Ikastolak aitortza ttipia egin nahi izan dio Apezetxeari urte hauetan guzietan egindako lanarengatik. Dantzari talde batek Sagardantza eskaini zion Iturri Ederra plazan, Arizkunenea parean. Elena Zabaleta eta Josune Ortegak, Baztan Ikastolako presidenteak eta zuzendariak koadro bat eman zioten opari Apezetxeari.

Jose Mari Apezetxea Erratzun sortu zen, 1927. urtean, eta oraindik margotzen segitzen du. Haren lanak errelitata du oinarri, baina lizentzia hartuta abstrakziora eramaten du begiekin ikusitakoa eta bihotzarekin sentitutakoa.

Bodegoi eta erretrato gutxi batzuk margotu baditu ere, paisaia da Apezetxearen koadroetan agertzen dena: Baztango paisaia.

Euskal margolarien artean nortasun berezia eta ibilbide luzea du Apezetxeak eta hori guztia aintzat hartu nahi du aurtengo Artea Oinezek. “Etxean ditugu eredua, kemena eta ohorea. Jose Mari Apezetxea omendu du aurtengo edizioak, hark urte luzez erakutsitako edertasunaren ondainez. Keinu ttipia da gurea, berak emandakoaren guztiaren aldean”.

 

Erlazionatuak

Nuria Idoate-Artea Oinezeko kidea

Xorroxin irratia 2015 mai 11 Baztan

Maria Mendiburu-Artea Oinezeko kidea

Xorroxin irratia 2015 mai 11 Baztan

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun