Mariano Izetaren liburua aurkeztu dute Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan

TTIPI-TTAPA 2015ko urt. 23a, 13:24
Ikusmina piztu zuen Mariano Izetaren 'Dirua galgarri' liburuaren berrargitalpenak. Juan Mari Ondikol

Igande arratsaldean bertso-trama eginen dute Arizkunenean

Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan Mariano Izetaren ‘Dirua galgarri’ liburuaren berrargitalpenaren aurkezpena egin zuten Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean urtarrilaren 22an, ortzegun arratsaldean. Aurkezpenean izan ziren Gabriela Goñi Izetaran alarguna, Ines eta Juana Mari alabak eta Jose Mari anaia, baita Maitane Maritorena Baztango udaleko kultur zinegotzia ere

Euskal Nobela Beltzaren Astearen baitan Mariano Izetaren Dirua galgarri liburuaren berrargitalpenaren aurkezpena egin zuten Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean urtarrilaren 22an, ortzegun arratsaldean. Aurkezpenean izan ziren Gabriela Goñi Izetaran alarguna, Ines eta Juana Mari alabak eta Jose Mari anaia, baita Maitane Maritorena Baztango udaleko kultur zinegotzia ere.

Ondotik, Mariano Izeta. Euskal nobela beltzaren abiapuntu solasaldia eskaini zuen Jon Abrilek. Mariano Izetaren eleberriaren berrargitalpenaren baitan, Baztango Udalaren eta Ander Urrutia euskaltzainburuaren aitzinsolasak, Mariano Izetari buruzko zertzelada biografikoak, idazlearen gaineko ohar zenbait eta Mariano Izetaren lan nagusiak ere argitaratu dituzte. Hain zuzen, aurten ehun urte bete dira Mariano Izeta jaio zela (1915-2001).

 

Datozen ekitaldiak

Ilbeltzaren 23an, ortziral arratseko 8etan Baztango kontu beltzak izanen dituzte hizpide Elizondoko Gaztetxean.

Ilbeltzaren 24a izanen da ekitaldi gehieneko eguna. Larunbat goizeko 11etan, Beltzetik beltzera nobelaz mahai ingurua izanen da Arizkunenean, Itxaro Borda, Jon Alonso eta Miel Anjel Elustondo idazleekin. Bitartean, nobela beltzaren erakusleihoa ere ikusgai izanen da. 14:00etan bazkaria izanen da Eskisaroi jatetxean. Txartelak eskatzeko ilbeltzabaztanen@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da. Bazkalondoan, Juan Kruz Igerabideren Zangotraba nobelaren eta Joseba Larratxe Joseviskyre Requiem gauaren erdian komikiaren kafe aurkezpenak eginen dituzte. Iruritako Jauregiarte tabernan, 20:00etatik aitzinera susmagarrien gaua hasiko da eta afaria ere izanen da tartean.

Ilbeltzaren 25ean, igande goizeko 11etan Kronika beltz baten ibilaldia eginen da, Amaiurko plazatik abiatuta. 19:00etan, eta Baztango Bertso Eskolaren bosgarren urteurreneko ekitaldien baitan bertso trama eginen da Odei Barroso, Aiala Martin, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagarekin, Fernando Anbustegi gai-jartzaile dutela Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun