Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektuaren tramitazioan gauzak argitzeko eskatu du NaBaik

TTIPI TTAPA 2012ko ots. 23a, 09:48
Aroztegiko jauregian hotela, golf-zelaia eta 252 etxebizitza egin nahi dituzte. Artxiboko argazkia

NaBaik duen interesa salatu du Aroztegia eta gero zer? taldeak

Aroztegia Jauregiko proiektua tarteko, udal planean egindako aldaketaren txosteneko tramitazioei buruz galdetu­ dio NaBaik alkate­tzari. Udal planaren aldaketa onartu zenetik, egin denaz errepasoa egin du NaBaik. Eta honi be­rtze ohar batekin erantzun dio Aroztegia eta gero zer? plataformak.

NaBaik gogoratu duenez, 2010ean onartu­ zen Aroztegia Jauregiaren inguruan udal planaren al­daketa egitea. 2011­­ko maiatzaren 2an, Konpen­tsazio Ba­tzor­dea­ren estatutuen hasie­ra­ko onar­pe­na argitaratu zen NAO Nafarroako Al­diz­ka­ri Ofizialean, Toki­ko Udal Gobernu Ba­tzor­deak mar­txoaren 22­an ha­sierako onarpena eman­dakoan. NaBairen ara­be­­­ra, «Udalaren behin bet­iko onarpena ema­te­ko legezko epea pa­sa­tu» egin zen, eta pro­mo­to­­reak berak bul­tza­tuta, irai­laren 30ean udal planean egindako aldaketaren ondoriozko Konpentsazio Batzordearen estatutuen behin betiko onarpena argitaratu zen NAOn.

NaBaik oharrean dioenez, «2011ko azaroaren 21ean Konpen­tsa­zio Ba­tzordea eratu zen Elizondoko notario­tzan, eta Udalaren alde­tik ez zen ordezkaririk joan­ deial­di horretara».

Hori baino lehen, 2011ko abuztuan Aroz­te­­gia Jauregiko promotoreak udal planaren aldaketaren inguruko plan partziala udal erre­gis­troan aurkeztu zuela dio NaBaik, Udalari hasierako onarpena eskatuz. «Azaroaren 18an plan partzial horren hasierako onarpena Aldizkari Ofizialean argitaratu zen. Be­rriro ere, promoto­reak egin zuen argitara­tzeko eskaera, legezko epean Udalak ez zuelako hasierako onarpenaren ebaz­penik eman».

Hala, NaBaik hori guztia argitzeko eskatu dio alkatetzari: Konpen­tsazio Batzordea era­tze­ko bilerara zergatik ez zen joan eta Konpen­tsa­zio Batzordearen es­ta­tutuak behin betiko onartzeko eta plan par­tzia­lari hasierako onarpena emateko legezko epeetan «zergatik ez duen­ deus erran» azal­tze­ko erranez. «Ad­min­is­tra­zioaren isiltasun hori­ espediente honekin bakarrik edo gehiagotan gertatu ote den argitzeko» ere galdegin du.

 

 

Aroztegia eta gero zer?-en oharra

Aroztegia eta gero zer? taldeak NaBaik Aroz­te­giko egitasmo «espekulatiboan» duen interesa bertze behin salatu du. Ho­rren aitzinean, «Lekarozko herria herri-galde­ketan egitasmo ho­rren kontra agertu zela» oroitarazi du. Eta gaineratu duenez, «NaBai alka­tetzan zegoelarik, herritarren iri­tziari kasurik egin gabe, nahiago izan zuen iruzur kasuetan nahasiriko susta­tzaileekin bat egin eta proiek­tua gauza­tzeko bai­menak eman».

Promotoreen artean, «iruzurgileez gain, Caixa Galicia dagoela» dio Aroz­tegia eta gero zer? taldeak, «bere inbertsio inmo­biliarioengatik katakrak egin hurren dagoen au­rrezki kutxa». Tal­dearen­tzat bistakoa da Aroztegian zer egin nahi­ duten: «euren interes hu­tse­ra­ko proiektu espeku­latzailea». Bere irudiko, espekulatzailea da «Baz­tanen dagoen lurzoru urbanizagarri guz­tiarekin 40 hektarea gehiago urbanizagarri kalifikatzea eta Baztango bizitzen %38 hutsik edo ia erabi­li­ gabe egonik 252 bizi­tza­ko proiek­tu berria baimen­tzea». Proiektua egitera, Lekarozen 756 biz­tan­leko auzo be­rria eginen luketeela gogoratu du, «eta ho­rrek Baz­tango egitura guz­­tia deseginen lukeela».

Hori guztia baimendu edo baimentzeko eginahalean ibili izana leporatu dio NaBairi, eta «oraino, horren gibeletik dabi­le­la», dio. «Bertze behin koalizio ho­rrek batere in­teres sozia­lik gabeko proiek­tu hone­tan duen konpromi­soa» kritikatu du. «Elizon­do­ko plazako­ eraikinean gastatu zituz­ten 800.000 euroak ikusirik, interesik gabeko proiektuetan duten konpromisoak dagoeneko ez gaitu batere ha­rri­tzen»,­ adierazi du plata­for­mak, eta «egitasmo espekulatzailea geldi­tzeko» eskatu du.

 

NABAI-K ALKATETZARI

«Administrazioaren isiltasun hori espediente honekin bakarrik pasatu ote den edo gehiagotan gertatu ote den jakin nahi dugu»

NaBai

 

NABAI-RI KRITIKA

«Espekulatzailea da Baztanen dagoen lurzoru urbanizagarri guz­tiarekin 40 hektarea gehiago urbanizagarri kalifika­tzea eta bi­zitzen %38 hutsik edo ia erabili gabe egonik 252 bizitzako proiektua baimentzea»

Aroztegia eta gero zer?

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun