Onik agertu da Irubelakaskoa inguruan astelehenetik galdutako apeza

TTIPI TTAPA 2011ko ira. 28a, 11:59

Erratzuko Bidegorrieta baserrira agertu da oinez asteazken goizean

Astelehen arratsetik Irubelakaskoa inguruan galdua zegoen 78 urteko apez baionarra onik agertu da Erratzuko Bidegorrieta baserrian. Goizeko 09:00ak aldera, apeza bera agertu da baserrira oinez.

Astelehen arratsetik Irubelakaskoa inguruan galdua zegoen 78 urteko apez baionarra onik agertu da Erratzuko Bidegorrieta baserrian. Goizeko 09:00ak aldera, apeza bera agertu da baserrira oinez.

Frantziako larrialdi zerbitzuak astelehen gaueko 21:00etatik, irailaren 26tik ari ziren mendian oinez zebiltzala galdutako bi apezen bila. Horietako bat, irailaren 27an, astearte eguerdian agertu zen Irubelakaskoan, osasun egoera onean, baina bertzearen arrastorik ez zegoenez, Nafarroako larrialdi zerbitzuak ere bila hasi ziren. Bere lagunak astearte goizaldean ikusi zuen azken aldiz, berezi eta itzultzeko bide ezberdinak bilatzen saiatu zirenean.

Astearte osoan suhiltzaileak, foruzainak, guardia zibilak, Gurutze Gorria eta DYA ibili ziren galdutako apezaren bila, baina ez zuten topatu. Otsondora, teknologia aurreratuena duen kamioi bat ere eraman zuen Nafarroako Gobernuak, lanak koordinatzeko.

Bilaketa lanak Aritzakun eta Urritzate aldean egin dira gehien bat, baina bertze bide batzuk ere begiratu dituzte. Azkenean, asteazkeneko lehen orduan agertu da Baionako apeza Bidegorrieta baserrian, eta helikopteroan eraman dute. Dena den, osasun egoera onean dagoela jakinarazi dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun