Lekarozko Aroztegia proiektuaz

Aroztegiko proiektuaren inguruan txostena eskatu du Udalak

TTIPI TTAPA 2011ko ira. 15a, 11:17
Juan Mari Ondikol

Txosten horren arabera, erabaki bat edo bertze hartuko luke Udalak

Aroztegiko proiektuaren egoera legala zein­ den ikusteko txosten tekniko bat egiteko eskatuko du Udalak. Abuztuaren 25ean egindako osoko bilkuran, bertzeak bertze, Aroztegiko proiek­tua izan zuen Udalak eztabaidagai eta txostena egiteko erabakia hartu zuen. Txosten horren arabera, gauza bat edo bertze eginen luke Udalak: «proiektua geldiarazteak baztandar guztiengan ondorioak izanen dituela ikusten bada, orduan planteatu eginen da, baina bitartean proiektuaren kontra gaude», azaldu digu Garbiñe Elizegi alkateak.

Pleno horretan, Pello Iriarte NaBai 2011ko zinegotziak proiektuaren inguruan herri galdeketa egitea proposatu zuen. Horren harira, alkateak gogorarazi du «bere ­garaian Lekarozen egin zela herri galdeketa eta kontra atera zirela herritarrak». Eta gaineratu du, «gu ez gaudela herri galdeketaren kontra». Gai honi buruz, Noticiasen agertutakoari «manipulazioa» leporatu dio.
 

Oharrizko harrobia geldiaraztea erabaki du Batzar Nagusiak

Batzar Nagusiak Oharrizko harrobiko lanak geldiaraztea erabaki du. Irurita-Elizondo saihesbideko lanak tarteko hasi ziren Oharrizen lanak, baina gauzak ez direla ongi egin dio Udalak. Alkatearen hitzetan, «aitzineko Udalak alkatearen ebazpen bidez eman zuen lur horiek erabiltzeko baimena. Ustia­tzen hasi eta nahikoa ez zela eta handitzea eskatu zuen enpresak. Ho­rretarako Batzar Nagusiak ez du baimenik eman, baina halere, lanean segitu dute Nafa­rroako Gobernuaren baimenarekin. Baina horko lurrak komunalak dira eta horien gaineko eskumena Batzar Nagusiak du, ez Udalak eta ez Gobernuak». Gai horri eta «saihes­bideari ikusten dizkiogun hutsuneei» buruz solastatzeko «behin eta berriz» Herri Lan kontseilariarekin bilera egitea eskatu dutela adierazi digu alkateak, «baina ez digu kasurik egin eta ho­rregatik erabaki du Ba­tzar Nagusiak harrobia geldiaraztea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun