Baztango merkatariek Bertan Eguna antolatu dute larunbaterako Elizondon

Ttipi-Ttapa 2011ko abu. 5a, 16:11
Jaime Urrutia Karrika izanen da Bertan Egunaren erdigunea.

10:00etatik aitzinera Jaime Urrutia Karrikara aterako dituzte merkatariek euren produktuak

Bertan Baztango Merkatari, Ostalaritza eta Zerbitzu Enpresa Elkarteak bere eguna ospatuko du larunbat honetan, abuztuak 6. Egun osoko egitaraua antolatu du.

10:00etan emanen zaio azokari hasiera eta hortik aitzinera egun osoan Jaime Urrutia Karrikan elkarteko kide diren komertzioen produktuak erakusgai eta salgai egonen dira. Horrez gain, Foruen Plazan artisauen erakusketa ere izanen da. Artearen ibilbideko obrak komertzioetan erakusleihoetan egonen dira ikusgai eta III. Argazki Lehiaketako argazki erakusketa ikusteko aukera ere izanen da Foruen Plazan. Taloak dastatu nahi dituenak izanen du horretarako modua, Etxaideko talogileak plazan egonen direlako.

Egun osoko egitarau horretatik haratago, 11:00etan Baztango dantzari ttikiek emanaldia eskainiko dute Koralaren Plazan eta 12:00etan Les Enfants taldearekin animazioa izanen da Jaime Urrutia Karrikan berean. Arratsaldean ere izanen da ekitaldirik. 17:00etatik 19:00etara txalapartak eta fanfarreak bazterrak alaituko dituzte eta akitzeko, 19:00etan III. Argazki Lehiaketaren sari banaketa eginen da Foruen Plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun