Jendarte laneko langileek Elizondoko arkupeak margotu dituzte

TTIPI TTAPA 2010ko mai. 14a, 12:01
Proiektuan aritu diren langileak, Santi Aldako zinegotziaren eta gizarte langilearekin batera. TTIPI TTAPA

Babesturiko Giza Lanaren proiektuak 10 urte daramatza Baztanen

Garai batean, merkatua egiten zen Elizondoko arkupeak konponketaren beharrean zeudela iritzita, Baztango Udalak arkupe hauek moldatzea erabaki zuen. Eta halaxe egin dira. Udalaren Babesturiko Giza Laneko proiektuko langileak egin duten lanetako bat da, duela bi aste akitu zutena, baina ez bakarra.

Baztanen hamar urte daramatzan proiektua da Babesturiko Giza Lanarena. Horren bidez, jendartean baztertuak dauden edo lana aurkitzeko arazo larriak dituzten pertsonak kontratatzen dira. Kontratazioak denboraldi baterako egiten da eta egin beharrekoa toki publikoak moldatzea izaten da.

Urteko hamar hilabetetan egoten da martxan eta bataz bertze, bortz langile aritzen dira urtero lanean, gizarte langile batek koordinatuta.

Urte hauetan hainbat lan egin dira proiektu honi esker, eta Baztango Udalaren irudiko, horri esker «bi helburu garrantzitsu bete dira: «alde batetik, sozialki baztertuak dauden edo lana aurkitzeko arazo larriak dituzten pertsonei lana egiteko aukera eman zaie, eta bertzetik, toki publikoak txukun edukitzea lortu da».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun