Baztango Udalak oniritzia eman dio Arraiozko

Joxemanuel IRIGOIEN 2006ko urr. 27a, 12:11
Merkataritza eta denbora libreko gunea inguru honetan eginen da. Joxemanuel IRIGOIEN

Proiektuaren sustatzaileak, Urtelor SLk, proiektu berria

2005eko urte hasieran Baztango Udalaren hasierako onespena erdietsi eta gero, Ur-konfederazioak eta Nafarroako Gobernuak geldiarazi egin zuten Urtelor enpresak aurkeztu zuen proiektua. Hasierako proiektu haren arabera, erreka bazterrean egin gogo zen ezponda arriskutsua izaten ahal zela ebatzi zuten bai Ur-Konfederazioak eta baita Nafarroako Gobernuak ere. Hauen iritziz uholderik gertatuz gero, goitiago, Arraiozko Mardea auzoan, erreka ateratzen ahal zela ikusi zuten eta horregatik, proiektua moldatzeko eskatu zitzaion Urtelor enpresari.

Orain, enpresak aurkeztu duen proiektu berrituak bi erakunde horien onespena baduela ikusita, EA eta UPNren aldeko botoekin Baztango udalak hasierako onespena eman dio Arraiozko merkataritza guneari.

49.000 m2ko eremuan

Arraioztik Oronoz aldera errepidea eta errekaren tartean, Gillermobelaiko zelaian, 48.644 metro koadro hartuko ditu merkataritza gune berriak. Orain arte landa kalifikazioa zuen eremu horrek, hemendik aitzinera hirugarren sektoreko jarduera izateko birkalifikatu du Baztango Udalak hasiera batez. Merkataritza gune honetan hainbat zerbitzu daude aurreikusiak: frankizia edo marka ezagun bateko 2.000 metro koadroko supermerkatua (janariak, garbiketa produktuak, drogeria, oihal eta arropak), galeria komertziala, 500 metro koadroko galeria komertziala, 300 m2ko kafetegi-jatetxea, gasolindegia, autoen garbitokia eta 250 autorendako aparkalekuak.

Proiektua hainbat fasetan egitea aurreikusia dute. Dena den, errekatik hurbilen dagoen eremuan kokatuko dira haurrendako parkea, joku eta internet aretoa eta berdegune zabala. Beharbada, taberna-pub bat egitea geldituko zen hurrengo fase baterako. Orain Urtelor SLk aurkeztu duen proiektu berriaren arabera, supermerkatua egonen den eraikina lurretik altxatua eginen da, pilare edo zutabeen gainean. Hala, sekulan erreka aterako balitz, uholdea etxe azpitik pasatuko litzateke supermerkatua eta galeria komertzialak kaltetu gabe. Baztango udalak hasierako onespena ematearekin batera, proiektu honetan baimentzen diren erabilerak ere zehaztu zituen joan den abuztuaren 25ean egindako batzarrean; industria garbia, biltegiak, aparkalekuak, tailerrak eta bizitegia (zaindari eta mantenuan arituko direnentzat). Era berean, barneko berdegune, aparkaleku eta azpiegituren mantenua enpresaren kargu izanen da.

Bideragarritasun planak 12.000 bezero aurreikusten ditu

Urtelor enpresak aurkeztutako bideragarritasun planean 12.000 pertsonako bezero multzoa aurreikusten da. Horietatik 7.743 Baztangoak izanen ziren, 684 Bertizaranakoak eta 3.948 Malerrekakoak. Lehen urtean, bakarrik merkataritza gunea kontuan hartuta, negozio-bolumena 2,78 milioi eurokoa litzateke eta, 5 urteren buruan negozioa 9,6 milioi eurotara ailegatzea espero dute nagusiek. Aurreikuspenen arabera 40 lanpostu sortuko lirateke, galeria komertzialetan irekiko diren 7 dendetan sor litezkeenak kontatu gabe. Azken finean, inguru honetatik Iruña eta Irun aldeko merkataritza gune handietara gaur egun dagoen kapital-ihesa murriztu nahi lukete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun