Sortu berri da Baztango Merkatarien Elkartea

Joxemanuel IRIGOIEN 2006ko urr. 27a, 11:48
Merkatarien Elkartearen sortze-bilerara Baztan osoko 60 denda eta zerbitzu bildu ziren. Zuzendaritza Batzordea osatuko duten 7 kideak ere aukeratu zituzten eta azaroaren bigarren hamabostaldian erabak

Izena eta logoa hautatzeko lehiaketa zabaldu dute. Irabazle suertatzen denak 400 euroko saria izanen du

Beran eta Donezteben egin den bezalaxe, orain Baztanen ere osatu dute Baztango merkatari eta zerbitzuen elkarte propioa. Urriaren 10ean gertatu zen hori. Elizondoko Arizkunenean egin zuten bileran, estatutuak ez ezik zuzendaritza batzordea osatuko duten 7 kideak ere aukeratu zituzten.

Hilabete bakar batean aitzinera pausu ikaragarria eman dute. Elkartea sortzeko lehen kontaktuak hasi eta elkarte berriaren Zuzendaritza Batzordea aukeratu artio, aski denbora llaburra pasatu da. Jendea ere erruz animatu da, eta lehenbiziko bi bileretan bederen 50-60 pertsonek parte hartu dute.

Dendari eta zerbitzu sektoreko

Momentuz dendari eta zerbitzu sektoreko profesionalei zabaldu diete elkartean parte hartzeko gonbidapena. Ostatu eta jatetxeek parte hartzen dute Berako eta Doneztebeko elkarteetan, baina Baztangoan, momentuz, aparte uztea pentsatua dute. “Problematika berezia dago Elizondoko ostatu eta diskotekaren artean, eta momentu honetan horrek ez liguke sobera lagunduko” diote.

Dena den, hemendik urte hondarrera merkatarien elkarte berri honek mahai gainean izanen duen gaietako bat horixe izanen da: elkarte berrira bazkideak biltzea.
Estatutuei dagokionez, Berako eta Doneztebeko merkatarien elkarteak dituztenak erabili dituzte eredu modura. Bi elkarte horien estatutuak irakurri zituzten urriaren 10eko bileran, eta guztien artean eztabaidatu ondotik, Baztango elkartearen estatutuak adostu zituzten. Bertzalde, bazkide egiteko fitxa banatua zuten lehenbiziko bileran, eta kasik 50ek ekarri zituzten paperak beteak bigarren bilerara. Zenbaitzuk “ondoko egun hauetan ekarriko dituztela” zehaztu digute elkarteko ordezkariak.

Elkartearen izena-logoa hautatzea eta eguberrietako kanpaina

zehaztu digunez, hemendik urte hondarrera begira badituzte hainbertze lan esku artean. Lehenik elkartea legeztatzea Nafarroako Gobernuko Industria Departamentuan. “Tramiteak 20 egun inguru behar izaten ditu” zehazten digu Isabelek, “estatutuak erregistratu, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia lortu, eta abar…”
Bertzalde, azaroa akitu baino lehen elkarte honek izanen duen izena eta logotipoa aukeratu nahi dituzte. Horretarako lehiaketa zabaldu dute, eta irabazleak, 400 euroko saria izanen du. Eta ahal dela, eguberriei begira kanpainaren bat egiten saiatu nahiko lukete.

Urtean 60 euroko kuota

Elkarteko bazkide denak urtean 60 euroko kuota ordaindu beharko du. Hala ere, egin gogo dituzten kanpaina eta akzioak finantzatzeko dirulaguntzat eskatu nahi dituzte. Afera hau oraindik arras lotu gabea duten arren, “Nafarroako Gobernuan edota Baztango udalean saiatuko” direla adierazi dute elkarteko ordezkariek.
Azkenik, Zuzendaritza Batzordeko karguak bi urterako hautatu badira ere, urtero karguen dauden erdiak berrituko dira. Gisa horretara jarraikortasuna eman nahi zaio arduradunen arteko erreleboari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun