Baztango merkataritza eta zerbitzu emaileen elkartearen logotipoa aukeratzeko lehiaketa zabaldu dute

Xan Harriague 2006ko urr. 26a, 18:51

Lanak aurkezteko epea azaroaren 15ean bukatuko da

Sortu berri den Baztango merkataritza eta zerbitzu emaileen elkarteak erabiliko duen logotipoa aukeratzeko lehiaketa deialdia zabaldu du. Parte hartzen ahalko dute bakarrik Baztanen erroldatuak direnek edo bertan ikasten dutenek. Nahitaez, diseinuak originala izan beharko du. Baztan ibarra islatzen duten koloreak, jardunak edo bestak baloratuko dira obra hautatzeko orduan. Teknikari dagokionez, elkarteak ez du eskaera bereizirik egiten. A4 batean edo formatu digital batean aurkeztuko diren lanak Arizkunenea kultur etxean utzi beharko dira azaroaren 15a baino lehen gutun batean, zehaztuz logotipo lehiaketarako eskaintza dela. Epaimahaia, elkarteko zuzendaritza batzordeak osatuko du, hala nola, Unai Arriaga presidentea, Maria Luisa Tena presidente ordea, Isabel Gonzalez idazkaria, Angel Arraztoa diruzaina eta Asun Irigoien, Neli Yanci eta Javier Pina batzordekideak. Lanak eskaintzeko epea bukatu eta aste batera gehienez jakinaraziko dute lehiaketaren emaitza. Irabazleak 300 euroko saria eskuratuko du.

Aukeratzen duten logotipoa elkarteak zabalduko dituen berrietan eta bultzatuko dituen ekimenetan erabiliko dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun