Kirikoketa besta larunbatean Arizkungo Gamioxarrean

Xan Harriague 2006ko urr. 19a, 18:27

Duela 250 urte sagardoa nola egiten zen erakutsiko dute

Heldu den larunbatean ospatuko da Kirikoketa besta Arizkungo Gamioxarrean. Iaz bezala, egun horretan denboraldi huntako sagardoa eginen dute parte hartu nahi duten guziekin. Jo ala Jo kultur elkarteak antolatzen duen bestaren bitartez, duela 250 urte sagardo egitearen lana zein zen ezagutarazi nahi du, beti ere lan hau musika erritmo eta giro eder batekin lotzeko asmoarekin, garai batean egiten zen bezala. Bestaren izena, Kirikoketa, sagarra jotzerako orduan hiru lagunen artean erabilitako erritmo baten onomatopeia dela erran daiteke. Hiru lagunek egiten zuten bezala bi edo lau izaten ahal ziren, eta orduan, biko edo lauko erritmoa bilakatzen zen. Lan hori egiten zutenak, gehienetan etxeko mutilak, erritmo hauek baliatzen zituzten eraginkorragoak izateko eta lana errexteko. Larunbatean Arizkunera hurbiltzen direnek erakustaldiaz gozatzen ahalko dute. Horrez gain, elkarteak joan den urtean Gamioxarrean konpondu zuen XVII. mendeko dolarea ere ikusiko dute.

Besta egun nagusia larunbatean izanen bada ere, bezperatik, sagar jotzea eta lehen bi estutzeak eginen dituzte. Dolare handia eta lan gogorra delako elkartetik jakinarazi dutenez laguntza guziak ongi etorriak izanen dira. Larunbata goizean sagardo egitearekin segituko dute 9:30etik aitzinera. Lehen bi orduetan sagarra joko dute berriz ere. 11:30ean patsa egina izanen denean gosaltzeko ordua izanen da. Indarrak berreskuratu ondotik estutzeari ekinen diote. Azkenean lanen bukatzeko, zukua dastatu ondotik, kupelan emanen dute ondoko hilabetetan irakiten uzteko.

Egin behar guziak beterik, bazkaria eginen dute lanean aritu diren guzien artean. Giro berotzeko bertsolariak ez dira faltako. Arratsaldeko 17:00etarako txalaparta jaialdia antolatu dute. Egun guzian, albokariak txistulariak eta gaitariak bazterrak alaituko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun