Irailaren 23 eta 24an burutu zen XIX. Behi Gorrien Txapelketa hagitz arrakastatsua izan zen Elizondon. Aspaldian Merkatuko Plazak ez zuen hainbertze jenderik bildu. Behi buruen aldetik ere kopuru ederra bildu zen, guztira 371, 38 etxaldetatik etorriak: 21 Nafarroatik, 6 Gipuzkoatik, 9 Bizkaitik eta 2 Arabatik. Elizondora asteburu pasa etorri zirenak ez zuten akatsik egin eta goi mailako txapelketa ikusi ahal izan zuten. 11 sailetan, 8 urruxenak eta 3 idiskoenak, 6.000 euro banatu ziren eta horiez gain bertze 9 sari bereizi.
Bederatzi sari Indart anaientzat
Asteburuko irabazle handiak Legasako Indart Anaiak izan ziren, 9 sarirekin: urruxetan, 12 eta 18 hilabete arteko, 18 eta 24 hilabete arteko eta 2 eta 3 urte arteko lehen sariak eskuratu zituzten, baita 3 eta 4 urte arteko, 6 eta 8 urte aarteko eta 8 urtetik goitiko umatuen lehen sariak ere. Idiskoetan, 2 eta 4 urte arteko eta 4 urtetik goitiko lehen saria eskuratu zuten. Gainera, loterik onena ere Legasakoena izan zen. Iurretatik etorritako Jon Bikandiren buruek ere emaitza ona izan zuten 6 sari eskuratuz. Baztango abeltzainek ere ez ziren batere gaizki ibili. Erratzuko Juan Jose Iñarreak 8 eta 12 hilabete arteko urruxen laugarren saria lortu zuen; Arizkungo Mª Isabel Agirrek 12 eta 18 hilabete arteko urruxen bigarren saria; Gartzaingo Maria Jesus Etxandik, 4 urte baino zaharragoko idiskoen laugarren saria, buru ederrenaren saria, eta Baztango abeltzain hoberenaren saria; Iruritako Miguel Angel Maritorenak behi zaharrenaren saria eta Lekarozko Bautista Iturririak abeltzain zaharrenaren saria.