Kantu Zaharren Eguna azaroaren 26an eginen da Elizondoko Lur diskotekan

Aitor AROTZENA 2006ko ira. 22a, 13:21
Senpereko Oxtikenea elkarteak Euskal Kantu Zaharraren Eguna antolatzen du urtero, 1999az geroztik. Utzitako argazkiak

Egun osoko ospakizuna prestatu dute antolatzaileek

Euskal Herria Pirinioen bi aldeetan abesten eta dantzatzen duen herria dela aipatu omen zuen behin Voltaire iraultzaile frantziarrak. Kantua euskal kulturaren zati garrantzitsua da, dudarik ez. Bazkal eta afal ondoetan kantuz aritzeko ohitura arras zabaldua egon da gure artean, telebistak kantarien ahotsak isildu dituen arte. Baina badira oraindik, mahainguruan kantatzeko ohitura mantentzen dutenak. Amaiurren, astero biltzen da koadrila bat kantu zaharrak kantatzera. Senperen, Oxtikenea elkarteak Kantu Zaharraren Eguna antolatzen du urtero 1999tik. Joan den urtean Sunbillan egindako ospakizun handiari segida emanen diote aurten, azaroaren 26an Elizondoko Lur dantzalekuan eginen den Kantu Zaharren Egunarekin.

Angel Mariezkurrena, Sunbillan bizi den eratsundarra da Kantu Zaharren Eguna antolatzen ari dena buru-belarri. Egun osoko ospakizuna prestatu nahi dute Elizondoko Lur diskotekan. 14:00ak aldera biltzeko gelditu dira eta bazkaldu aitzinetik, «Uxo xuri bat» kantatuz eginen dute ongi etorria. 14:30etan bazkaria izanen da 250-300 lagunendako, bazkalondoan kantuekin hasiko dira eta 20:00etan berendu-afaria eginen da, baita zozketa ere. Egun horretan parte hartzeko gonbidatuak daude Xabier Euzkitze, Jaione Olazabal, Oskar Estanga, Amaia Zubiria… eta bertze kantari ezagunak. Nagore joteroak bizpahiru jota euskaraz kantatuko omen ditu. Egun osoko prezioa 50 eurokoa da, baina kontuan hartu behar da bazkaria berezia izanen dela eta Alex Mujika, Leitzako Basakabi jatetxeko sukaldari bikainak kapritxora prestatuko duela: foie sagar purearekin, zainzuri estofatua gularekin eta onddo, tipula eta piperrarekin prestatutako etxeko pizza hasteko; usoaren salda bere goxuarekin, bakailu-kokotxak ganba eta piperrarekin, zerriaren karrillerak saltsan eta oraindik erabaki gabe dagoen postre txukuna eta bikaina, edari, likore eta kafeekin lagundua. Jakiak ezkontza baten parekoak izanen dira eta ezkontzetan bezala, bazkaltiar guziek bere lekua izanen dute, bere izenarekin jarria eta herri bakoitzekoak elkarrekin jartzen saiatuko dira, giroa beroagoa izateko.

Egun osoko ospakizunak eta otorduak sartuak direla eta 60 bat abesti biltzen dituen kantu-liburu bat opari izanen dela kontuan hartuz, 50 euro ez dela batere garesti uste du Angel Mariezkurrenak. Gainera, gauean kantarien ahotsak itzaltzen direnean, Lur diskotekan goizaldera arte euskal kantuak adituko direla segurtatu du Francis Urrutia arduradunak. Txartelak eskuratzeko 616 170177 telefonora (Angel) deitu behar da. Kartelak egiteko eta liburua argitaratzeko laguntzaile bila ere ari da Mariezkurrena.

Kantu zaharrak bizi berria

Amaiurren gazte koadrila bat asteazken eta ortziraletan biltzen da Gaztelu Elkartean kantuan aritzeko. Juan Mari Alemanek aipatu digunez, «asteazkenetan koral modura aritzen gara, serioago, 3-4 ahotsetara. Negu partean, berriz, Elizondoko feria ondoko ortziraletik hasi eta apirileko azken ortzirala bitarte afaltzera eta afalondoan kantatzera biltzen gara hamar bat lagun. Horregatik, Ortziralekoak Talde Basa izena jarri diogu taldeari». Alemanen erranetan, «Bankara joan eta 50 lagunetik 50 kantuz aditzea zoragarria da, horrela ez da inor aspertzen. Hemen, tradizioa galtzen ari da, jendearen erdiak baino gehiagok ez dakizki kantuak eta orduan aspertzen dira».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun