Basaburuako herri ttikiak turismo lanetan haundiak

ttipi-ttapa 2006ko ira. 5a, 10:33
Margari Aizpururen margolanak ikusgai izan dira Zigaurreko Garagarrean. ttipi-ttapa

Lan bikaina egin dute Ziga eta Anizen

Bisita gidatuak antolatu dituzte udan Zigako Aldekoetxeberria, Etxezuria, Ostatu Zaharra eta Anizko Jauregia landetxeek, Hiruak Bat elkartearen laguntzarekin. Herritarrak ibili dira turistei ibilbideak eta tokiak erakusten: Jauregia gasnategia, Zigako eliza, garbileku zaharrak, aziendak, maiorazgoak, herri eskolak, auzolanak, tradizioak…

Etxezuria Landetxean igandetan Baztan Zopak dastatzeko aukera izan dute turistek. Bertako 10 produktu baino gehiago ezagutu eta probatzeko aukera izan dute, asteazkenero.

Anizko Jauregiako Azkarate familiak berriz, bisita gidatuak antolatu ditu ortzegunero, beraien azienda esplotazioa eta gasnategia erakusteko. Bisita hauetan, bazkaria ere eskaintzen zuten.

Zigako Zigaurre auzoko Garagarrean margo erakusketa areto berria zabaldu du udan Margari Aizpuruk. Hainbat herritan erakusketak jarri arren,«etxean inon ez bezala daudela» erran digu. Beretzat erosoagoa da, etxean bertan dagoelako eta margolanak ere hobe kontserbatzen direlako. Beti gustatu zaio bere margolanak erakustea, eta autodidakta izanik, esku ona duela erakutsi digu. Berak dioenez, pazientzia aunitz behar da horrelako lanak egiteko eta berak soberan du. Detailez detaile egiten ditu kuadroaren zatiak, eta aitortu digu beretzat gustokoena bodegoiak margotzea dela. Halere, ikuslegoa zabala dela kontuan hartzen du eta denetarik lantzen saiatzen da, paisaiak, figurak… Udan ibili den jendearekin kontent agertu da. Zigaurren bertan, aspalditik Karakoetxean Jesus Montesen margo lanak ikusgai egon izan dira. Aurten ere zabaldu du erakusketa. Orain arte erakusketa bakarra ikusteko aukera izan dute ikusleek. Aurten, ordea, bi erakusketa izan dutenez pozik azaldu dira bisitariak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun