Familiako negozioa hiru belaunalditan

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 22a, 15:34

Esarte Harategia

Jakina, harategi batek, bertze edozein negoziok bezalaxe, 75 urte irauteko lan-ordu aunitz eta dedikazio handia eskatzen du, produktu ona eta zerbitzu egokia eskaintzea eta bertze gauza aunitz. «Horiek denak batera beharko dira seguruaski –dio Javier Pinak– Lehenbizi negozioa aitzinera ateratzeko gogoa behar da, lan lotua da eta zortzi orduz lan eginez harategia aitzinera aterako duela pentsatzen duenak, gaizki dabil, hobe du segidan erretiratzea! Bere satisfakzioak baditu, baina lan esklaboa da. Ordu aunitz sartu behar dira harategia ongi xamar eramateko. Gaur egun salmenta eskaintza zabala behar duzu, jendeak eskatzen duena ekarri». 75 urteotan, noski, hainbat bitxikeri gertatu dira harategiaren inguruan. Haragia eta horma saltzeaz gain, banketxe lana ere eginkatu dutela aipatu digu Javier Pinak: «Nere aitatxik igande goizetan ere irekitzen zuen harategia, 6etarako. Eskisaroi aitzinean, berriz, pokerrean jokatzen omen zuten ordu txikiak arte eta dirua irabazten zuen batek aitatxiri uzten omen zion billete mordoa, bera mezara joaten zen bitartean, dirua gordetzeko». Mari Carmen Esartek ere bere garaiko anekdotaren bat ere badu gogoan, kontrabandoa furi-furian zegoen garaikoa hain zuzen. «Harategian, Guardia Zibileko kapitain bat suertatu zen erosketak egiten eta ondoko etxean, paketeak sartzen. Keinuka, kapitainari konbertsazioa emateko eskatzen zidaten, beraiek lana akitzen zuten bitartean. Kapitaina nonbait konturatu zen, baina ez zuen deus erran. Halako batean horrela erran omen zuen gazteleraz: “Honez gero kargatu izanen dute, eta banoa!”». Iruñerako haragia Bidasoako trenean kargatu eta Mugairira eramaten zutela ere badaki Javier Pinak: «Oraingo segurtasun eta osasun baldintzak tokitan zeuden! Orai frigorifikoa nahitaezkoa da!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun