Aurtengoan, kategoria guziak kontuan hartuta, futbol derbi bakarra izanen da gure inguruan: Baztanek eta Leitzako Aurrerak Nafarroako Erregionaleko lehen mailan jokatuko dutena. Lehenbiziko itzuliko partida azaroaren 5ean jokatu zuten Elizondoko Giltxaurdi zelaian. Baztandarrak gehiago izan ziren eta 3 eta 1 irabazi zieten leitzarrei. Partida berdindua izan zen lehendabiziko zatian. Bigarrenean 3-0 aitzindu ziren etxekoak, Eskudero, Koldo Ruiz eta San Josek lortutako golekin. Aurrerak ohorearen gola egin zuen, Azpirozen bitartez. Indarrez eta kiroltasunez jokatutako partida izan zen. Halere, bigarren zati horretan partida nahasi egin zen eta epaileak txartel gorria erakutsi zien lau jokalariri: Baztango Telletxeari eta Aurrerako Arkaitz Bengoetxea, Iban Urtiaga eta Azpirozi.
Partida honen ondotik, sailkapenean bigarren zeuden baztandarrak eta bosgarren leitzarrak. Errebantxa, hurrengo derbia alegia, apirilaren lehen aste hondarrean jokatuko da Leitzan.
Joan den urtean, bi taldeek igoera faserako sailkatzea lortu zuten, baina kanporatu zituzten. Ea aurtengoan suerte gehiago duten Baztan eta Aurrerak.