«Baserriko lanak eskaintzen dizkiegu turistei, hasierako landetxeek bezala»

Aitor AROTZENA 2006ko abu. 1a, 14:12
Aitor AZKARATE Abelore elkarteko lehendakariordea Aitor AROTZENA

• Baserriko lanei egitan lotuak dauden Nafarroako landetxeak elkartu dira Abelore elkartean.
• Nafarroan 500 landetxe baino gehiago daude, baina 15 bertzerik ez Abeloren. Eskualdean Anizko Jauregia, Azpilkuetako Petisansenea, Berako Alkeberea eta Yikaurri, Elizondoko Urruska eta Erratzuko Kastonea sartu dira momentuz elkartean.
• Anizko Jauregiako Aitor Azkarate Abeloreko lehendakari ordea da.

Nafarroan hainbertze landetxe daude. Horien barnean, zer bereizgarri duzue Abelore elkartean bildutakoek?

Abelore elkartea duela bi urte sortu zen. Nafarroako landetxeen barrenean ezberdindu egin behar zela ikusi genuen. Landetxeak nekazaritzarekin eta abelzaintzarekin lotuak sortu ziren hasieran, baina hori galtzen joan da. Iparraldera bidaiak egin genituen, han nola antolatu diren ikusi genuen eta hemen ere elkartea sortzea erabaki genuen. Abeloren sartzeko oinarrizko gauza hori da: nekazaritzarekin edo abelzaintzarekin lotua egon behar duzu. Bi oilo izateagatik ez zara Abeloren sartzen ahal, zerbait gehiago eskaini behar duzu. Oinarri batzuk jarri genituen eta baserriko lanak ikusteaz gain, turistei parte hartzeko aukera ere ematen zaie gure etxeetan.

Beraz, turista batek izan dezake behiak jeizteko edo ardiak bazkatzeko aukera zuen etxeetan…

Beraiei ere erakutsi nahi zaie lehenago nola bizitzen zen baserrietan. Orai gauzak aldatu dira, baina lan batzuk berdin segitzen dute. Hiri bateko familiari erakusten diogu hemengo bizimodua. Hori da bertze etxeetatik ezberdintzeko modua.

Abeloreko baserri batera doan turistak, badaki nora doan edo ustekabean hartzen du honelako eskaintza?

Hori da lanik zailena, jendeari erakustea zer eskaintzen dugun. Elkarte berria da eta ez dugu halako publizitaterik egin. Feria batzuetan parte hartu dugu eta jendeak galde egiten du, eskoletatik ere galdetzen dute… Batzuk uste dute granja-eskola famatu horietakoak garela, baina ez da hori. Etortzen diren turisten artean bada denetarik, baina oporretan daudenez, ongi egoten dira. Batzuk lehenbiziko egunean kuadrara gan eta ez dira gehiago agertzen. Batzuk ez dira inora agertzen, atseden hartzera etorri dira eta berdin zaie zer eskaintzen dugun. Haur batzuk, aldiz, kuadratik ezin ateraz ibiltzen gara. Aunitzetan behiak jeiztea baino lan gehiago izaten da hauei kaso egitea. Bakoitzak bere plana du, baina gure eskaintza hor dago.

Inguruko baserri gehiago ikusten duzu Abeloren sartzeko moduan?

Seguru badirela guk eskatzen ditugun baldintzak betetzen dituzten landetxeak. Hasmentako etxe gehienak nekazaritzarekin lotuak zeuden eta oraino batzuk segitzen dute landetxe izaten. Bertze gauza da nekazaritza beheiti doaiela eta zaila dela gaur egun etxea izatea eta nekazaritzatik bizitzea.

Beraz, hasierako landetxeen eskaintza da Abeloren eskaintza…
Orai etxe rurala turismoaren gauza bat da eta ez nekazaritzaren gauza bat. Guk biek batzea nahi dugu eta bien artean, etxetik eta nekazaritzatik errentagarritasuna ateratzea. Bertzenaz ez dago bizitzeko aukerarik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun