Irurita-Elizondo saihesbidea 2009. urterako akitzea espero du Udalak

ttipi-ttapa 2006ko uzt. 24a, 13:11

Herrilan Departamentuarekin izandako bilerari «balorazio ona» eman dio Eusko Alkartasunak

Balleko Udalak eta Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabideetako ordezkaritza batek bilkura izan zuten apirilaren 12an, Irurita-Elizondo saihesbide egitasmoak duen egoeratik ateratzeko. 2004 urte bukaeraz geroztik, saihesbidearen proiektua geldirik dago.

Bileraren ondotik prentsaren aitzinean egindako adierazpenetan, Florentino Goñi EAko zinegotziak eta Maiorga Ramirezek, EAko Nafarroako presidenteak bileraren balorazio ona egin zuten. Nafarroako Gobernuak dituen hiru proposamen berri lauzpabortz hilebeteren barrenean helaraziko diela hitz hartu zuten. Ondotik, Baztango Udalak erabaki bat hartu beharko du, egitasmo egokiena aukeratzeko. Gauzak ongi joanez gero, lanen adjudikazioa 2007garren urtean egin ahalko litzateke. Kasu horretan, obrak bi urteren buruan akitzea aurrikusten da. Halere, Florentino Goñi zinegotziak aipatu zuen bezala, «zuhur ibili beharko gara, ez baita lehen aldia gobernutik zerbait hitz ematen dutela eta gero ez dutela egiten».

Azpilkueta eta Orabideako errepideak

Bilkura berean Orabideako errepidea eta Azpilkuetako sarbidearen egoera ere aipatu zituzten. Lehenbizikoaren kasuan, arriskutsuak diren hameka kilometro lehenbailehen konpontzearen konpromisoa hartu zuten. Azpilkuetako kasuan berriz, konpontzeko asmoa du Nafarroako Gobernuak, baina ez omen da gaur egungo lehentasuna.

Eskisaroiko harrobia

Eskisaroi inguruan harrobia irekitzeko aukerak aztertzeko zundaketak egin nahi ditu Azpiroz y Saralegi enpresak. Horren inguruan ez zen erabakirik hartu apirilaren 18ko Junta Generalean. Horretarako batzorde berezia osatuko da, Mendi eta Ingurumen zinegotziekin eta herrietako alkateekin osatua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun