Doneztebeko Udalak antolatuta, 'Gaixotzen gaituzten emozioak' izeneko solasaldia izanen dute larunbatean, hilaren 11n, Donezteben Herrigunean. 10:00etan hasi eta 12:00etan bukatuko da ikastaroa eta Argi Leku BioEskolako sortzaile Neli Yancik emanen du.
Baztan-Bidasoko artisauek osatutako Argitsu elkarteak azaroaren 11n azoka antolatu du Lesakan. Lesakako plaza inguruan zenbait postu paratuko dituzte eta larunbatean 10:00etatik 14:00etara gozoak, kosmetika naturala, egur tailak, eztia, bitxiak, arropa, gazta, barazkiak eta bertze hainbat produktu ikusteko eta erosteko aukera izanen da.
Larunbatean 17:00etan Larreko aretoan, Patxi Garat, Bost Axola, Yannick Tellechea, Maina Ortiz eta Kurrika ariko dira kantari eta sorpresa anitz izanen dira, Charles Ollivon errugbilariak babestutako jaialdian
Eguzkilore alderdi politikoak antolatuta, 'Aztarnak' dokumentalaren emanaldia izanen da bihar, azaroaren 11n, 17:30ean Beralandetan. Maru Soloresek idatzitako eta zuzendutako dokumentala da Aztarnak eta eta ordubete eta erdikoa iraupena du.
Azaroaren 11n, larunbatarekin, ospatuko dute San Martin Eguna Aranon. Talo eta gaztaina usainik ez da falta izaten sanmartinetan herrian eta aurten ere talo eta gaztaina jatea antolatu dituzte elkarteko atarian. Horren aurretik, 18:30ean, Ta argiya in zan dokumentala ikusteko aukera izanen da Maisuenean. Zentral hidroelektriko txikien inguruko ikus-entzunezkoa da eta bizi dugun energia krisiari, biodibertsitatearen galerari eta larrialdi klimatikoari buruz hitz egiten du.
Francisco Javier Irazoki herriko olerkariaren Los descalzos, Poesía completa (1976-2023) liburuaren aurkezpena eginen dute azaroaren 11, larunbatean, 19:00etan Lesakako udaletxeko pleno aretoan. Poesía Hiperion argitaletxeak argitaratu du ia 50 urteko lanen bilduma.
Altxata kultur elkarteak eta Bortzirietako Euskara Mankomunitateak elkarlanean Etxalarko Kultur egunak antolatu dituzte aurten ere. Lehen ekitaldia urriaren 21ean izan zuten, Pello Apezetxea Kultur Etxean egindako Auzolangiltza dokumentalaren aurkezpena. Azaroaren 11n, larunbatean 19:00etan, Azpeitiko eta Azkoitiko dantzariek osatutako Sahatsa dantza taldearen emanaldia izanen dute frontoian, Kultur Egunak borobiltzeko.
Leitzako Aurrera Dantza Taldeak eta Doneztebeko Errekak 'Katebegi' izeneko ikuskizuna emanen dute elkarrekin larunbatean Donezteben. 19:00etan izanen da emanaldia kiroldegian eta sarrerak dagoeneko salgai daude Doneztebeko Ostizen eta Leitzako Maimurren 5 euroren truke.
Musikazaleek gozatu ederra hartuko dute heldu den larunbatean, azaroaren 11n. Gasteizko Vicente Garcia abesbatzak eta Goizuetako Umore Ona abesbatzak kontzertua eskainiko dute Goizuetako Elizan 19:15etik aurrera. Emanaldia dohainik izanen da.
Bor-bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatu ditu bertso afaria eta dokumentalaren emanaldia. Azaroaren 11n, heldu den larunbatean izanen dira Lesakako Arranon.
Berriz ere musika izanen da protagonista bihar Berako Kataku herri ostatuan. Lumi taldeak emanaldia emanen du 22:30ean eta sarrera debalde izanen da.
Ibil Bedi eta Haira musika taldeek kontzertua eskainiko dute azaroaren 11n, larunbatean, Atekabeltz Herrigunean. 22:30ean hasiko dira kontzertuak. Sarrerak aldez aurretik jarriko dituzte salgai Torrean, zortzi eurotan eta egunean bertan ere sarrerak erosteko aukera izanen dute hamar euroren truke.
Irailaren 20tik abenduaren 20ra emanen dute, asteazken arratsaldetan Eskola ttikin eta hilaren 16ra arte eman daiteke izena
Ikustekoa baino, entzutekoa izanen da bihar hasi eta abenduaren 3an Berako Labiaga ikastolako Areto Nagusian egonen den erakusketa. Xabier Erkizia soinu artistak 'Zaratak ez du izenik' izeneko erakusketa paratuko du. Erakusketa larunbatetan eta igandetan ikusten ahal da 16:00etatik 20:00etara.
Aurtengo pintxoek bakailaoa eta patata nahitaez erabili behar dute eta pintxo onena bozkatzen dutenen artean Mutrikuko Haitzalde agroturismoan egonaldia zozketatuko dute
Azaroko bigarren asterako, proposamen berezia ondu du LeitzEko Kontsumo Taldeak, udalen eta Areso eta Leitzako baserritarren laguntzarekin. Izan burujabe zikloa antolatu dute eta elikadura eta energia kontsumoa ardatz hartuta, tailerrak, solasaldiak... eskainiko dituzte azaroaren 7tik 12ra. Zikloari bukaera emateko, bertako produktuen azoka eginen dute azaroko bigarren igandean.
Ortziralean herri bazkaria izanen dute Andoni Egaña eta Angel Mari Peñagarikano bertsolariekin San Martin bestak ospatuko dituzte Aurtitzen. Ohi bezala, egitarau zabala prestatu dute ortzegun arratsaldeko txupinazoarekin hasi eta igande arratseko patata tortilla eta pintxo lehiaketara bitarte.
Lesakako Koskontako bideo udal aretoan eginen dituzte lau saioak eta izena eman daiteka azaraoren 2ra arte
Ortzirale honetan, azaroaren 10, gizonezkoei zuzendutako maskulinitate tailerra eginen dute Lesakan. Tailerra Eihera elkartearen eskutik eginen dute Lesakako Udalaren Koskontako Bideko Aretoan (Koskontako bidea 7), 17:00etan hasiko da eta arratsalde osokoa izanen da.
Urtarrila | ||||||
---|---|---|---|---|---|---|
al | ar | az | og | ol | lr | ig |
1 | 2 | 3 | 4 | 5 | 6 | 7 |
8 | 9 | 10 | 11 | 12 | 13 | 14 |
15 | 16 | 17 | 18 | 19 | 20 | 21 |
22 | 23 | 24 | 25 | 26 | 27 | 28 |
29 | 30 | 31 |