Senpereko Herriko Etxeak Elkarteen eguna antolatu du irailaren 2an, larunbatean, Larreko Kultur Etxean. Larunbatean 09:00etatik 12:30era herriko kirol eta kultura elkarteen lana ezagutzeko aukera izanen da. 13:00etatik goiti, berriz, zintzur bustitzea eta aperitifa izanen da bertaratzen direnendako.
Baztango Artisauak eta Baztango Zaporeak elkarteek ohiko azoka eginen dute irailaren 2an, larunbat goizean Elizondoko plazan.
Kaxkabeltza Leitzako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen elkartearen ekimenez, stock azoka eginen dute larunbat honetan, irailaren 2an, herriko plazan. Eguraldi txarra baldin bada, frontoian eginen dute.
Udako musika zikloaren azken emanaldia izanen dute larunbatean, irailaren 2an, Arantzako Aterpean. Ipar Euskal Herriko Dingwash taldeak reggae doinuak zabalduko ditu 22:30ean.
Juan Carlos Pikabea Zubiri margolari lesakarraren azken margolanak berriz ere ikusgai izanen dira abuztuaren 3tik irailaren 3ra bere etxean, Lesakako Otsango auzoko Irisarri etxean. Tomaseneko bordako biribilgunearen ondoan. Egunero, 17:30etik 20:30era irekiko ditu erakusgelaren ateak.
Hilabete honetan bi erakusketa izanen dira ikusgai Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Lehenbizikoa Pedro Arizkurenen pintura erakusketa izanen da, irailaren 1etik 30era zabalduko dena. Asteartetik igandera egonen da irekia, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:30era.