Alkerdiko harrobiko langileekin enplegurako prestakuntza-ibilbide bat adostu du Nafarroako Gobernuak

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 20a, 07:33
Alkerdiko harrobia ixteak 17 pertsonaren kontratuak bukatzea ekarri du. Langile hauek bertze lanen baterako prestatzea da neurrien helburua.

Nafar Lansareak zonaldeko udalekin lan-munduratzeko izan daitezkeen bideak ebaluatuko ditu langile bakoitzak dituen beharren diagnostiko pertsonalizatu bat egin ondoren

Nafarroako Gobernuak Urdazubiko Alkerdiko harrobiko itxierak kaltetutako langileekin enplegurako prestakuntza-ibilbide bat egitea adostu du; haren barnean, birgaitzera edo lanbide-eguneratzera bideratutako proposamenak sartuko dira, Nafar Lansareko baliabideen bidez, edo Lanbide Heziketakoak (Hezkuntza Departamentua). Gainera, proposamenaren barnean honako hau sartzen da: zonaldeko udalekin langile horiek lan-munduratzeko izan daitezkeen bideak elkarrekin aztertzea.

 

Enplegu-erregulazioko espedienteak eta meatzeko jarduera eteteak 17 pertsonaren kontratuak bukatzea ekarri du, eta haietatik 14 langabezian daude. Kaltetutako pertsonen lanbide-profilak askotarikoak dira, nahiz eta gehienak lehen-mailako ikasketak dituzten eta enpresako jardueraren beraren berariazko lanbide-kualifikazioak izan. Zenbaitek titulazioak dituzte, enpresa-zuzendaritzakoak eta LH II, metalaren adarrean, esaterako.

Adinari dagokionez, zortzi pertsonak 56 urte baino gehiago dituzte; bostek 43 eta 48 artean; eta batek, 32 inguru. Haietatik, 12 gizonak dira eta bi emakumeak. Enplegu-erregulazioko espedientearen data abenduak 19 da. Aipatu behar da 15 kontraturen amaiera-data urtarrilak 7 zela; eta gainerako bi kontratuena, apirilak 30.

Asteazken arratsaldean Donezteben egindako bileran, Garapen Ekonomikorako eta Eskubide Sozialetako lehendakariordetzetako ordezkariek parte hartu zuten, bai eta Hezkuntzako Departamentukoak ere, Nafar Lansareko zuzendari kudeatzaile Paz Fernandez eta departamentu horretako LH Zerbitzuko zuzendari Esther Monterrubio buru zirela; haiez gain, Urdazubiko alkate Santiago Villaresek eta langileen sindikatuetako ordezkariek (LAB) ere esku hartu dute.

 

Banakako jarraipena

Langileen ordezkarien eta Foru Gobernuaren artean adostutako neurrien barnean, ondorengoa sartzen da: bitarteko publikoekin, enplegu berri bat ematera eta enplegu-maila hobetzera bideratuta langile bakoitzaren jarraipen bat egitea. Zehazki, Doneztebeko enplegu-agentziaren bidez, langile bakoitzaren egoeraren banakako diagnostiko bat egingo da, eta bertan, haren adina, lan-profila, prestakuntza, enplegu berri bat emateko beharrak eta abar aintzat hartuko dira.

Diagnostiko horren arabera, ibilbide pertsonalizatu bat zehaztuko da, eta haren barnean bakarkakoak izan ahalko diren prestakuntza-ekintzak sartuko dira, eskaintza estandarrean sartutakoak, edo taldekakoak, langile horientzako berariaz sortutakoak, baldin eta profilak eta beharrak aztertu ondoren, hala egitea eskatzen bada.

Gogora ekarri behar da Nafarroako Gobernuak iragan azaroan honako hau ebatzi zuela, Industria, Energia eta Berrikuntzako zuzendari nagusiak emandako ebazpen baten bitartez: "Mármoles del Baztán, S.A" enpresak eskatutako "Alkerdi 3263" (Urdazubi) ustiapen-emakida ez luzatzea.

 

Kultur intereseko ondasuna

Neurri honen helburua zonalde arkeologiko bat zaintzea izan zen, eta haren barnean Nafarroan topatutako Paleolitoko lehenengo pinturak sartzen dira, arkeologo, espeleologo eta geologoen diziplina anitzeko talde batek, Aranzadi Zientzia Elkartearen zuzendaritzapean, egindako ikerketa-lan batzuen ondoren aurkitu zirenak.

Ebazpena Kulturako zuzendari nagusiak egindako txosten baten ondoren hartu zen; txosten horren arabera, harrobiko ustiapena Alkerdiko haitzuloen kontserbazioarekin bateraezina zen, eta gune horrek kultur intereseko ondasun-izaera hartu du, azaroaren 22ko Nafarroako Kultur Ondareari buruzko 14/2005 Foru Legeak jasotzen duen moduan; izan ere, labar-artearen adierazpenak daude bertan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun