erran.eus

Urdazubiko Landibar auzoa urbanizatzeko proiektuak egonezina sortu du

  Gizartea  Xareta  Urdazubi

Alkatearen erranetan proposamenak ez du inor kaltetzen, baina auzotarrak udal batzarrean izan ziren beraien kezka eta haserrea adieraztera 

Urdazubiko Landibar auzoan kezka eta haserrea piztu du Udalak onartu berri duen hirigintza proiektu batek. Kezka, auzoko belagiak urbano izendatzeko proposamenaren aurka daudelako; haserrea, berriz, azken erabakiak izkutuan hartu direlakoan. 

Urdazubiko Landibar auzoa urbanizatzeko proiektuak egonezina sortu du
Landibar auzoa, Urdazubin. | Ikusi handiago | Argazki originala

Horregatik, azaroaren 25ean, Landibarko auzotar talde bat udal batzarrean izan zen. Landibarrentzako proposatzen den aldaketa gauzatzeko, 1999ko Udal Planaren aldaketa egin behar du Udalak, baina azken hitza, Nafarroako Gobernuak izanen du. Bertaratutakoek ez zuten ulertzen zergatik ez zitzaien deialdirik luzatu, proiektua mahai gainean jarri zenetik, alegazioak aurkeztu eta gaiarekiko interesa azaldu baitzioten Udalari.

 

Gune urbano izatera pasako da

Herriko Etxeak 2014ko abenduaren 19an Landibarko belagi batzuk urbanizatzeko erabakia hartu zuen. Udalaren proiektuari zenbait alegazio aurkeztu zizkioten jabeek. Izan ere, 1999ko Plan Munizipalaren arabera, soilik herriguneak, Dantxarineak eta Leorlasek betetzen dituzte legez zoru urbano kontsideratzeko ezaugarriak. Gainerako auzoak baserri eta landetxe gune bezala definitzen dira gaur egun.

Udal batzarrak 2015eko ekainaren 26an auzotarren alegazio batzuk onartu zituen. Udal gobernuak erabaki zuen, kalifikazio urbanistiko aldetik proposatzen ziren aldaketak belagi horien jabeen kriterioaren arabera egitea. Hau da, aldaketaren aldeko ziren jabeen belagiak birkalifikatu, eta kontra zeudenenak proposamenetik kanpo uzteko erabakia hartu zen, Azkar taldearen baiezko 4 bozkekin, Urdazubi Elgarrekin taldeko 3 zinegotziak abstenitzen ziren bitartean. Ondorioz, jatorrizko proiektuan aurreikusten ziren 18.000 metro koadro urbanizatu beharee­an, 6.000 metrora mugatzen zen Azkar taldearen proposamena. 20 etxebizitza eraiki beharrean, 7 etxebizitza eraikitzea baimentzen zen.

 

Nafarroako Gobernuak azken hitza

Hortaz, 1999ko Planean zuen sailkapena aldatzeko proposamena luzatu zion Udalak Nafarroako Gobernuari. Hori justifikatzeko, Udalaren proiektuak zoru urbanoa kontsideratzeko ezin bestekoak diren zerbitzu eta sarbideak existitzen direla argudiazen du.

Baina, bigarren proposamen hori ez du aintzat hartu Nafarroao Gobernuak, ez baitu aldaketaren justifikaziorik ikusten. Hau da, Udalari emandako erantzunean erraten denaren arabera, hirigintza kriterioak erabili behar dira Udal Planaren aldaketa proposatzeko, eta hortaz, ez da onargarria baldintza berdintsuak dituzten belagi batzuk urbano izendatzea, eta bertzeak ez. Hau da, gune bakarrak kalifikazio urbanistiko bakarra behar du izan. Gainera, Udalak berak onartzen du Landibar auzoak ez duela hazkunde aparteko bat izango etorkizun hurbilean, hortaz, Gobernuak justifikazio txostena exijitu zion Udalari.

 

Alkatearen ustez «proposamenak ez du inor kaltetzen»

Justifikazio txostenaren ordez, Udal Gobernuak jatorrizko proiektua mahaigaineratu du berriro. Horretarako, 2016ko azaroaren 25ean, Udal batzarrean, Alkateak jatorrizko proposamena berreskuratzea defendatu zuen. Proiektua berdina izanik, ez zuen beharrezko ikusten kalteturik suertatu ziren auzokideei alegazioak egiteko aukera ematea. Azkar taldearen iritziz, Landibar auzoarentzat egiten den urbanizazio proposamenak ez du inor kaltetzen, haatik, etxea eraiki nahi duenak eraiki ahal izanen du, eta nahi ez duenak ez. Gaineratu zuen, bera alkate den bitartean kalifikazio aldaketarekin kaltetuak irtengo diren jabeek ez dituztela zerga berriak ordainduko. Oposizioak salatu zuen landa giroko auzoarentzat kaltegarria izanen dela proiektua aprobatzea, izan ere, kalteturik suertatuko diren jabeek ez baitute nahi beren lurrak birkalifikatzea. Proiektu handientzako bertako auzokideekin kontatzea defendatu zuten, izan ere, Udalaren arkitektuek ere onar­tzen dute Landiba­rrek datozen urteetan ez duela hazkunde demografiko berezirik izanen.

Aipatu bezala, Landibarko auzotarrek batzarrean parte hartu zuten, beraiekin mintzatu gabe hartu baitu udal gobernuak erabakia.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa