erran.eus

SOS Alkerdi: «Harrobiak lanean segitzen du eta hori larria da»

  Gizartea  Xareta  Urdazubi

Urriaren 4an Iruñean egindako agerraldian errandakoaren arabera, bide luzea egin dela eta lorpenak handiak izan direla uste du Urdazubiko Plataformak

Sustrai Erakuntzak, Arankoa gabinete Juridikoak eta SOS Alkerdi Plataformak agerraldia egin zuten urriaren 4an Iruñean, Alkerdiko lezeetan eginiko aurkikuntza berrien garrantzia azpimarratu eta harrobiaren txikizioarekin amaitzeko egindako ibilbidea baloratzeko.

SOS Alkerdi: «Harrobiak lanean segitzen du eta hori larria da»
Patxi Iriarte eta Malen Vilches (SOS Alkerdi), Arankoako Idoia Zulet eta Sustrai Erakuntzako Martin Zelaia, Iruñean egindako agerraldian. Argazkia: Diario Noticias | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Sustraiko Martin Zelaiak paleolito garaiko artea gordetzen duten kobazuloen kontrako sarraskia salatu zuen. 2014an urdazubiarren arazoaren berri izan zutenetik, Sos Alkerdirekin elkarlanari ekin zioten. Zelaiak Nafarroako Gobernuaren jarrera salatu zuen, bai gaur egungo gobernuarena bai aurreko gobernuarena, eta borroka honetan Sustraik zuen parte hartzeko legitimitatea ukatu nahi izana salatu nahi izan zuen.

Arankoako Idoia Zulet abokatuak, ondarearen nahiz ingurunearen babesaren aldeko bo­rroka juridikoaren nondik norakoak aipatu zituen, ekimenen artean, prozedura administratiboaren anulazioaren eskaria, izan ere herritarren partehartzea ez baitzen bermatu 2013ko baimena ematerakoan.

Sos Alkerdiko Patxi Iriartek eta Malenek hartu zuten hitza. Iriartek bere poza erakutsi zuen 2013ko baimena atzera bota zuelako Nafarroako Gobernuak, eta  lanen ondorioz  leize berri bat aurkitu delako harrobi azpian, historiaurreko Nafarroako margo zaharrenekin. Ondarearen egunean antolaturiko hitzaldia eta afarian, herri ekimenaren aldeko 800 euro bildu zirela ere aipatu zuen.

Malen Vilchesen hitzetan, «bide luzea egin dugu eta lorpenak handiak izan dira. Harrobiko lanen luzapenerako espedientea baliogabetu dute eta uste dugu berriro hasi den espedientearen ondorioz ezezkoa emanen diotela proiektuari eta harrobia gelditu beharko dute.

 

«Margoetatik 25 metrora lanean»

Hala ere, kritiko agertu zen harrobiak lanean segitzen duelako «eta hori larria da». Izan ere, Alkerdiko margoetatik 25 metrora lanean ari dira. Kultura Sailaren ebazpenak ez zituen lanak debekatu, luzapena baliogabetu da baina lizentziak indarrean segitzen du: «ez Kulturak ezta Udalak ere ez dute lizentzia baliogabetu, eta hori Nafarroako ondarearen 37,2 artikuluaren kontra doa. Lanak gelditzen ez badituzte instituzioak salatu egin beharko ditugu berriro ere».

Plataformakoen iritziz, Udalari babes plan berezi bat egitea dagokio eta Aranzadik eta bere adituek hasitako ikerketekin jarrai dezatela eskatu diote Kultura Sailari. Eta balorazio gisa, urdazubiarrentzat esperientzia aberatsa izan dela eramandako borroka hori, denak elkartuz eta elkarrekin posible dela herritarren lana eta borrokaren bitartez gauzak aldatzea: «Ikasi dugu ere badirela gauza legalak direnak baina bidezkoak ez direnak. Adibidez leherketa planak administrazioak enpresarekin onar­tzen ditu eta prozedura iluna da, ez baitiete ez herriari ez udalari eta ez beste gobernuko sailei ezagutzera ematen. Botere publikoek holako legeak aldatu behar dituzte, parte-hartzea posible eginez».

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa