Ondarearen Europako Jardunaldien baitan hainbat ekitaldi prest dituzte Urdazubin astebururako

Ttipi-Ttapa 2016ko ira. 30a, 09:17
IƱaki Libanoren eskutik historiaurreko arbasoen bizimodua hobe ezagutzeko aukera izanen da.

Larunbatean Ikaburuko lezeetan eta igandean monasterioko klaustroan, errotan, Trikuarri Natur Zentroan izanen dira ekitaldiak 

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan hainbat ekitaldi antolatu dituzte asteburu honetarako Urdazubin.

 

Urriaren 1ean, larunbatea 11:00etatik 13:30era bisita gidatu berezia eginen dute Ikaburuko lezera kriseiluekin. Bisita bakoitzean gehienez hogei lagun sartu daitezke. 12:00etatik 13.00etara silexa lantzeko teknika ezberdinen erakustaldia, sua pizteko erakustaldia, bultzatzaileekin jaurtiketa edo pigmentoen erabilera eginen dute, historiaurrean leze horietan bizitu ziren arbasoak bezalaxe. Bilboko Museo Arkeologikoan laguntzaile den Iñaki Libano aditua izanen da erakustaldiaren gidari.

Urriaren 2an, igande goizean, 14 urtetik goitikoei zuzendutako margo lehiaketa eginen dute monasterioko klaustroan. Izen ematea goizeko 09:00etatik 10:00etara irekiko da Kultur Etxean eta irabazleen berri arratsaldeko 6etan emanen da. Lehenbiziko saria 1.000 eurokoa izanen da, bigarrena 700 eurokoa eta hirugarrena 300 eurokoa. Egunean zehar, Ipar eta Hego Euskal Herriko lau artista profesionalek zuzenean margotuz erakustaldi bat eginen dute.

Errotan, bere aldetik, ate irekien eguna izanen dute. Igandean 10:30etik 13:00etara zaharberritutako errota doan ikusteko bisita gidatua eskainiko dute, bere lanaren bilakaera historikoa azalduz (artoa joz irina lortzea eta argindarra sortzea, garaiaren arabera). Errota lanean ikusteko aukera ere izanen da eta taloak eskainiko dituzte.

Trikuarri Natur Zentroan ozelote, azeria edo kinkajou bezalako ugaztunak eta narrastiak erakutsi eta hegazti harrapakarien (arrano, sapeltsa edo hontzak…) hegaldien erakustaldia eginen dute, 11:00etatik 13:00etara.

Igande goizeko 09:30ean Urdazubiko plazatik abiatuta bidexkaz bidexka ibiltzeko bi ordu inguruko ibilaldia antolatu dute, Alkerdi-Zelaieta-Ikaburua inguruan intereseko lekuak bisitatzeko. 6 kilometro inguruko ibilaldia izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun