Hiru kontzertu eskainiko ditu Kalakan taldeak Sarako lezeetan

Ttipi-Ttapa 2016ko abu. 4a, 07:56
Kalakan taldeak bertze zenbait abeslari eta musikarirekin joko du Sarako lezeetan.

Abuztuaren 9, 10 eta 11n, Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko musikariak izanen ditu lagun

Abuztuaren 9, 10 eta 11n Kalakan taldeak kontzertuak emanen ditu Sarako lezeetan. Astearte gauean Xiberutik etorritako Maddi Oihenart eta Jeremi Garatekin baita ere Urepeleko Xedarineko ahizpak taldeekin arituko dira.

 

Asteazken gauean Duo l’incontro musika klasiko taldearekin eta ortzegunean beraien musika Dobet Gnahore kantari bolikostarraren erritmoekin nahasiko dute. Hiru gauetan kontzertuak 9:30ean hasiko dira, baina 7:30etik baso bat edateko eta taloak jateko aukera izanen da.

 

Izarra errubi taldearen erromeria larunbatean

Uda dela eta herriko elkarteek erromeriak antolatzen dituzte plazan. Abuztuaren 6an Sarako Izarra errubi taldeak berea eginen du plazan. Egunean zehar animazioak izanen dira eta jateko aukera ere eguerditan eta gauean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun