Alkerdiko harrobian Udal plangintza errespetatzen ez duen proiekturik ez du onartuko Urdazubi Elgarrekin taldeak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 28a, 10:11
Gobernuak 2013an emandako ustiapen proiektu berria baliogabetuko duela uste du Urdazubi Elgarrekin taldeak.

Nafarroako Gobernuak 2013an emandako ustiapen proiektu berria eta luzapenaren baimena baliogabetuko duela uste du

Alkerdiko harrobiko jardueraren inguruan, Urdazubi Elgarrekin udal taldeak argi dauka «Urdazubiko Plangintza errespetatzen ez duen proiekturik ez duela onartuko, ezta herritarren interesen kontra doan edozein proporamenik ere: leherkarik ez dugu onartuko, matxakadorarik ere ez materiala birrindu eta txikitzeko, hautsa eta zarata sortzen duenik ere ez, ez zaie leizeen inguruan lan egiten utziko, eta ondarea ezingo du espoliatzen jarraitu».

 

Gai juridikoetan Nafarroako Gobernuaren organo aholkularia den Nafaroako Kontseiluak, Alkerdiko harrobiaren espedientearen baliogabekotasunari buruzko irizpena eman du eta horren arabera, Nafarroako Gobernuak 2013an emandako ustiapen proiektu berria eta kontzesioaren luzapenaren baimena baliogabetuko duela uste du Urdazubi Elgarrekin udal taldeak. Horren ondorioz, hiru bide izanen ditu enpresak, oposizioko udal taldearen erranetan: «lehena, Nafarroako Gobernuaren erabakia ontzat hartu eta errespetatu. Horren arabera, 2003ko lizentziara bueltatu beharko lirateke, ustiapen tradizional batekin. Lizentziaren ez betetzeak larriak izan direnez, gure ustez lizentzia hori ere baliogabetu behar du Udalak». Bigarren irtenbidea Nafarroako Gobernuaren erabakia epaitegietan errekurritzea litzateke, eta epaileek erabakiko dute nork duen arrazoina eta azken aterabidea baimen berria eskatzea litzateke, «enpresak proiektua Herriko Etxean aurkeztu beharko du berriro eta orduan, gure herriaren deuseztea geldiarazi ahal izanen dugu», dio Urdazubi Elgarrekin taldeak. Talde honen ustez, berri onak dira, «borrokatzen eta lanean jarraitu behar dugu elgarrekin, Herriko Etxetik hasita. Beraz, gure babesa izanen dute herri honi kalte egiten dion ustiapen batekin amaitzeko prest dauden pertsona eta elkarte guztiak».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun