Dantxarinean erori zen eraikinari emandako bigarren lizentzia bertan behera utzi du Nafarroako Administrazio Auzitegiak

Ttipi-Ttapa 2016ko eka. 16a, 12:39
2015eko azaroaren 25ean izandako istripuan langile bat hil eta hiru zauritu ziren.

Urdazubi Elgarrekin taldearen ustez, ebazpenak «agerian uzten du alkatearen erabaki arbitrario eta okerrek urdazubitarren etorkizuna larriki hipotekatzen dutela»

Nafarroako Administrazio Auzitegiak Urdazubiko alkateak Bostargi S.L. enpresari emandako bigarren lizentzia baliogabetzea erabaki du bere azken ebazpenean.  Auzitegiak zuzengarri latza eman dio Herriko Etxeari, Dantxarinean eraikitzen ari den eraikin komertzial berriari emandako lizentzien legezkotasuna epaitzerakoan. Benta berriaren zati bat erori zen gan den azaroaren 25an gertaturiko istripu baten ondorioz, bertako langileen artean hildako bat eta hiru zauritu utziz.

 

Maiatzaren 16an emandako ebazpenean, Herriko Etxea gogor kritikatzen da, izan ere, lizentzia anulatzen zuen 2015eko azaroaren 11ko ebazpenaren aurrean, «Herriko Etxeak Auzitegi honek baliogabetzen zuen lizentzia baten ordezko obra lizentzia berri bat ematen duenaren itxurak egiten ditu».

Administrazio Auzitegiaren ustez, Herriko Etxeak bere funtzioak gainditu ditu eta «baliogabeturiko obra lizentziaren berdina den lizentzia ematen du, Auzitegi honek ebatzitakoari jaramonik ez egitearren» eta, gainera «ez da elkarte sustatzaileak aurkezturiko obra proiekturik zuzendu ezta lizentzia berririk eskatu».

Gune komertzial berriari emandako obra lizentzia baliogabetuz, Auzitegiaren ebazpenaren berri jakin eta berehala, Bostargi enpresk berrikuspen errekurtso ez ohikoa aurkeztu zuen azaroaren 20an, lizentzia baliogabetzen zuen ebazpenaren kontra. Azaroaren 24an, Udalbatzarrean oposizioko Urdazubi Elgarrekin taldearen galderei erantzunez, Santiago Villares alkateak zera erantzun zuen: «NAA-ko epaileak erratu egin zirela eta ebazpena aldatuko zutela» eta Herriko Etxearen abokatuak, Alfredo Irujok, iada hitzegina zuela epaileekin, ustezko oker hori konpontzeko. Hitzok, NAA-ko Auzitegiko Lehendakari den Erice andereak gezurtatu zituen geroago.

2015eko azaroan istripu larria jazo zen eraikinean, orduan lizentziarik gabe zegoelarik. Istripuaren ondorioz, langile bat zendu eta hiru zauritu geratu ziren. Hala ere, egun horretan egindako ez ohiko batzarrean alkateak, berriro ere, publikoki medio ezberdinei egin adierazpenak baieztatu zituen, erranez lizentzia ez zegoela baliogabeturik. Egun batzuk beranduago, abenduaren 4ean, orain berriro Nafarroako Auzitegiak baliogabetzen duen lizentzia berria eman zion Bostargiri.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak gogorarazten dio alkateari «auzitegi honen betebeharra da udal erakundeen ekimenen legezkotasuna kontrolatzea. Bere jardunarekin, haatik, Udalak Auzitegi honen erabakien legezkotasuna kontrolatzea dakar eta bere –Auzitegiaren- ebazpenak okerrak direla uste duenean ez jakinarena egitea».

Akitzeko, NAA-k Bostargi S.L. eta Urdazubiko Udalaren jarduna ez egokitzat jotzen du. Bere ustez, ez da zuzena berrikuspena eskatzea eta aldi berean baliogabetua izan den lizentzia berbera bigarren aldiz ematea, inolako aldaketarik egin gabe proiektuan eta lizentzia eskari berririk gabe.

 

Urdazubi Elgarrekin taldearentzat, alkatearen ohiko jarrera larriaren adibidea da ebazpena

Urdazubi Elgarrekin taldearen ustez, ohikoa da alkatearen aldetik ebazpen honetan islatzen den jarrera. Urdazubi Elgarrekin taldeak zalantzan jarri zuen abenduaren 4an emandako lizentzia berri horren legezkotasuna, eta idazkariari ere txostena eskatu zitzaion zentzu hortan, gaur arte inolako erantzunik jaso ez arren.

Urdazubi Elgarrekin udal taldearen erranetan, «berriro ere, auzitegiek agerian uzten dute Saltiago Villares alkateak hartzen dituen erabaki arbitrario eta okerrek Urdazubiko herritarren etorkizuna larriki hipotekatzen dutela. Izan ere, komeni ez zaizkion lege, ordenantza eta araudiak behin eta berriro urratzen baititu. Urtero, Urdazubiko udalak 130.000 eurotik gora erabili behar ditu aholkularitza juridikoak nahiz urbanistikoetan, epaiketa eta txosten juridiko edo hirigintzazkoak ordaintzeko. Eta hori dena, helburu bakar batekin, Azkar taldearen helburuak lortzea, horretarako auzitegien gainetik igaro behar bada ere».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun