Nafarroako Gobernuak bertan behera utz dezake Urdazubiko Alkerdiko harrobia ustiatzeko 2013an emandako baimena

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2016ko eka. 7a, 07:48
Patxi Iriartek eta Malen Vilchesek harrobiaren aferari buruzko azken berriak aipatu zituzten ekainaren 3ko batzarrean.

SOS Alkerdik batzarra egin du ekainaren 3an, azken asteetako berriak baloratzeko

Azken aldian Alkerdiko harrobiaren aferan aurrerapausuak eman direla dirudi. Urte batzuk geldirik egon ondotik, 2012an Marmoles Baztan enpresak ustiaketa proiektu berri bat aurkeztu zuen. Proiektu berriari oniritzia eman zion UPN-ko Gobernuak 2013an, baina Urdazubiko herritarrak ez ziren egoeraz jabetu 2014ko uztailaren 15ean leherketa handi batek izua eta kezka sortu zituen arte. Herritarren jakin minak eta haserreak batzar ezberdinetan islatu ziren. Horren ondorioz, SOS Alkerdi Plataforma sortu zen, herriko ondarea, ekonomia eta bizi kalitatea babesteko asmoarekin. Geroztik herritarren borrokak ez du etenik izan.

 

Nafarroako Kontseiluaren txostena

Nafarroako Gobernuak ekainaren 3an argitaratutako prentsa ohar baten bidez jakinarazi du berriz ere hasiera eman behar diola Industriaren, Energiaren eta Berrikuntzaren Zuzendaritza Nagusiak urriaren 10eko 901/2013 Ebazpena berrikusteko prozedurari. Ebazpen horren bidez Mármoles de Baztan S.A. enpresari esleitu zitzaion “Alkerdi” izeneko 3263 kontzesioaren luzapena eta, horrekin batera, enpresa horrek aurkeztutako ustiapen proiektua eta lehengoratze plana onetsi ziren. Prentsa ohar berean jakinarazten da Nafarroako Kontseilua espedientea baliogabetzearen alde agertu dela, SOS ALKERDIk eta beste erakunde batzuek eskatu bezala. Halere, Gobernuak, harrobiaren kontzesioa luzatzeko ebazpena baliogabetu eta espedientearen ofiziozko berrikuspena deklaratu beharrean, espedientea iraungitzen utzi du; ondorioz, berrikuspen espediente berri bat hasi behar da, eta berriz ere Nafarroko Kontseilura eraman, zeinek, Gobernuaren ustetan, aurretik emandako irizpena berretsiko duen. Gobernuak bi arrazoi eman ditu jokabide hori justifikatzeko: batetik, espedientea zaila delako, eta bestetik, bermatu nahi duelako berrikuspena ikuspegi orokor batetik egiten dela, jarduketaren ondoriozko inplikazio guztiak aztertu ahal izateko. Aipatutako prentsa oharrean, bestalde, Nafarroako Gobernuak Aranzadi Natur Zientzien Elkartea, Kultura eta Kirol Departamentuaren aginduz, eremu hartan egiten ari den azterketaren ondorio batzuk aurreratu ditu: antza denez, azterketa topografikoek erakusten dute Alkerdi 2 eta Zelaieta 3 lezeak barrunbe berean daudela, eta paleolitoko labar-artearen adierazpen gehiago aurkitu dira.

 

Nafarroako Arartekoaren kritika

SOS Alkerdik aurkezturiko eskariari erantzunez, Arartekoak Nafarroako Gobernuari nahiz Urdazubiko udalari belarrondokoa eman die: «lezeak babesteko beharrezkoak diren neurri guztiak hartzera beharturik daude». Izan ere, 2013an Nafarroako Gobernuak proiektu berria onartzerakoan, ez zuen Ingurugiro-inpaktu balioztatze berririk egin. Arartekoaren erranetan, ikerketa berri hori egitera beharturik dago Gobernua. Horretaz aparte, Ondare Kulturalaren babesa bermatzeko eskumena duenak, hots, Kultura Sailak leherketetan oinarriturik dagoen ustiapenik ez du onartzen harrobi honetan. Urdazubiko Hirigintza Planak ere leherketa kopuruak eta maiztasunak aunitz murrizten ditu, eta muga horiek errespetatzeko baldintzarekin eman zitzaion lizentzia Marmoles Baztan enpresari bere garaian.

 

SOS Alkerdiren batzarra eta balorazioa

Urdazubiko Kultur Etxean batzarra ospatu zen ekainaren 3an. Bertan, bilkurara hurbildu ziren 70 herritarren aurrean, Plataformaren bozeramaile Patxi Iriarte eta Malen Vilchesek harrobiaren aferari buruzko azken berriak aipatu zituzten. Malen Vilchesek Nafarroako Kontseiluaren txostena berri ona zela aipatu zuen, baina borrokan jarraitu eta lortutakoarekin ez konformatzeko deia luzatu zuen. Iruritako Luis Iriarte ete hurbildu zen batzarrera. Etxe ondoan jasan behar izan zuen harrobiaren aferaz mintzatu zen, eta borrokatzen jarraitzeko mezua luzatu zien urdazubiarrei. Amaitzeko, Nafarroako Gobernuarekin nahiz Herriko Etxearekin ez sobera fidatzeko eskatu zuen, jendearen txalo zaparrada jasoz.

Egun batzuk geroago igorritako ohar batean, SOS Alkerdi Plataformak harrobiaren ustiapenak sortu ahal izan dituen kalteei buruzko bere kezka luzatu du, izan ere «ez dakigu leherketa horiek Paleolitotik iritsi zaigun ondare bikainari inolako kalterik eragin dioten. Eta, agian, ez dugu inoiz ere jakinen». Plataformak ez du horren inguruan baloraziorik egin nahi izan, baina bi konturen inguruan hausnarketa egin nahi izan du: «Batetik, lehen esan dugun bezala, arreta eta kontu handiz jokatu beharra dagoela. Behin dakigularik Zelaieta III lezea, zeina harrobiaren barnean baitago, labar-artea duen barrunbe batean kokatua dagoela, nola da posible inguruan harrobiko lanak egiten jarraitzea? Zer gehiago gertatu behar da Nafarroako Gobernuak geldiaraz dezan, kautelaz, 2013. urtean Mármoles de Baztani 30 urterako eman zion luzapena?”».

Plataformaren iritziz, ez da aski leherketak bukatzea, izan ere, erauzketa lan guztiak geldiarazi behar dira harik eta espedientea egoki berrikusi arte. Bestetik, Ondare Historikoari buruzko Legearen 40.2 artikulua aplikatu beharra dagoela; izan ere, lezean labar-artea aurkitu denez, «Zelaieta III, legeak aginduta, Interes Kulturaleko Ondasun bilakatzen da zuzenean. Legeak baimena ematen al du harrobi lanak egiteko Interes Kulturaleko Ondasun gisa sailkatutako eremu batean?».

SOS ALKERDIk ez du ulertzen zer gehiago behar duen Nafarroako Gobernuak urriaren 10eko 901/2013 Ebazpena kautelaz eteteko berehala (ebazpen horren bidez Mármoles del Baztan, S.A. enpresari esleitu zitzaion “Alkerdi” izeneko 3263 kontzesioaren luzapena). Plataformaren iritziz, orain arte hondatutakoak ez du konponbiderik, baina harrobiak ezin du minutu bat ere gehiago segitu lanean.

  

Urdazubi Elgarrekin taldeak 2013an emandako baimena bertan behera uztea eskatzen du

Urdazubi Elgarrekin taldea baikor agertu da Nafarroako Kontseiluaren txostenaren aurrean. Talde honek gogorarazi nahi izan du 2015eko uztaileko udal batzarrean mozio bat aurkeztu zuela, Azkar taldeko bi zinegotziren abstentzioari esker onartua izan zelarik. Mozioan, Nafarroako Gobernu berriari eskatzen zitzaion lezeetan egindako aurkikuntzak ezagutzera ematea eta 2013an emandako baimena errebisatzeko. Manu Aierdirekin egindako bileran, gan den urriaren 6an, gauza bera eskatu zitzaion Gobernuari. Bilera horretan Zelaietaren balio arkeologiko, ekologiko nahiz espeleologikoari buruzko ikerketa ofizial bat egitea eskatu zitzaion Aierdiri. Ordurarte, Gobernuaren teknikoek Zelaietaren balioa ukatu baitzuten, baina beti ahoz, inoiz ere idatziz.

Egoera honetan, Urdazubi Elgarrekin taldeak salatzen du Zelaietak jasan duen espoliazioak ez duela atzera bueltarik izanen. Bi urte hauetan Zelaietako sarrera betirako galdu da, bertako materiala txikitu eta harrobitik kanpo saldua izan baita. Horregatik, «ezin bestekoa da 2013an emandako baimena bertan behera uztea lehen bait lehen, eta hori da Nafarroako Gobernuak lehen bait lehen hartu behar duen erabakia», dio Urdazubi Elgarrekin taldeak ohar batean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun