erran.eus

Dantxarineko ezbeharraren harira polemika sortu da

  Gertaerak  Xareta  Urdazubi

Oposizioak salatu du obra-baimena atzera bota zutela epaitegiek

Langile bat hil eta beste hiru zauritu ziren atzo Dantxarinean, eraikin bat behera etorrita. 13:10 aldera gertatu zen ezbeharra, saltoki berri bat eraikitzeko lanean ari zirenean bigarren solairuko zati bat gainera erori zitzaien. 47 urteko langile bat hil zen ezbeharrean eta beste hiru zauritu, horietatik bat, Oizko 25 urteko gaztea, larri eraman zuten erietxera. Euren egoeraren inguruan ez dute datu gehiagorik eman. Guardia Zibila ari da istripuaren nondik norakoak ikertzen, eraikina zer dela-eta amildu zen argitzeko.

Dantxarineko ezbeharraren harira polemika sortu da
Argazkia: Francisco Varela | Ikusi handiago | Argazki originala

Lizentzia baimenekin tira-birak

Urdazubi Elgarrekin udal taldeak salatu du, «Nafarroako Administrazio Auzitegiak hala aginduta, eraikin honen obra-baimenak bertan behera geratuta» zeudela. Hain justu, epaitegiaren ebazpen hori izan zuten eztabaidagai herenegungo udalbatzan, eta, taldeko zinegotzi Iñigo Imazen hitzetan, udala ohartarazita zegoen lizentziarik gabe aritzeak eragin zezakeenaz. Oposizioko buruak dio «auzitegiak ez zituela balekotzat jo, hirigintza proiektuan zehaztutako gehiegizko altuera gainditzen zutelako». Alkatearen jokabide «arduragabea» arbuiatu du Imazek, arriskuen jakinaren gainean egonda ere lanak ez zituelako eten.

Santiago Villares alkateak,  bere aldetik, adierazi du oposizioko kideek «egoera baliatu eta sarraskijale oportunisten gisara jokatu» dutela, «politikan ez du denak balio». Gaineratu du «ohituak» daudela «euren gezur eta erdizkako egiekin, baina oraingoan urrunegi joan dira. Ezbeharraren erantzuleak gu garela diote». Ezbeharra gertatu den eraikinaren inguruan epaitegiak emandako erresoluzio bat badela onartu du Villaresek «azaroaren 16an jakinarazi zitzaion Udalari. Bertan eraikinaren altuerari egiten zaio erreferentzia baina eraikina eraisteari espreski egiten zaio uko». Eraikinaren aurreko aldetako batek, ustez, 15 metroko gehienezko altuera gainditzen zuelako abiatu zen auzibidea eta Villaresen erranetan, «agerikoa da gaizki ulertu bat egon zela planoak interpretatzeko orduan». Behin eta berriz azpimarratu du, gehiegizko altuera «zalantzarik gabe» errespetatuko dela eta eraikinaren promotoreek ere epaitegiearen ebazpena berriz aztertzeko eskaria egitekoa zutela.  Herenegungo batzarraren inguruan ere argitu nahi izan du «Urdazubi Elgarrekin taldekoek izan zuten jarrera eta orain egindako adierazpenak oso bestelakoak» direla. Epaiaren berri jakindakoan «harritu egin ziren eta euren kezka bakarra arazoa nola konponduko zen eta horrek udaletxearentzat zein kostu ekonomiko izanen zuen jakitera mugatu zen». Egindako adierazpenak abokatuei helarazi dizkiela ere azaldu du alkateak «Urdazubi Elgarrekin taldearen aurkako akzio legalak abiatzeko materiarik baden  ikus dezaten».

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa