Fernando Etxegaraik zortzigarrenez irabazi du Sarako Kontrabandisten lasterketa

Ttipi-Ttapa 2015ko ira. 1a, 10:08
Irudian gizonezkoen podiuma eta lehenbiziko emakumea.

Termometroak urtu beharrean,  8 kiloko zama bizkarrean eta 43 urte soinean... baina, bertze behin ere,  Larungo maldetan goiti parekorik ez duela erakutsi zuen Etxegaraik. 41 minutu eta 53 segundo behar izan zituen beratarrak ibilbidea osatzeko. Emakumeetan, Luzaideren ordezkari, Lezoko Lourdes Oiarzabal izan zen lehenbizikoa (55:19).

30 korrikalarik hartu zuten parte igandean Sarako Kontrabandisten lasterketan. 8,4 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zuten, tartean, Zazpi Fagoko gainera igoz. Gainera, ibilbidearen hasierako eta bukaerako metroetan zakua bizkarrean eraman behar izan zuten. Gizonezkoek 8 kiloko zakua eta emakumezkoek 4 kilokoa. Ez da hau probaren berezitasun bakarra, galtza urdinak eta kamiseta txuriarekin ateratzea ere ezinbertzekoa baita.

Etxegarai nagusi

2006an ezarri zuen errekorretik urrun (38:36) baina, Fernando Etxegarai beratarra izan zen helmuga zeharkatzen lehena (41:53). Etxalarren izenean korri egin zuen Asier Apezetxea aranztarra izan zen bigarren (44:02) eta Sarako David Nesprias hirugarren (44:41). Emakumeetan lehenbizikoa Lezoko Lourdes Oiarzabal izan zen, 55 minutu eta 19 segundoko denborarekin. Bere gibeletik,  Baigorriko Pantxika Gaicotchea (59:14) eta Urdazubiko Glaire Grillard (01:05:05) iritsi ziren helmugara.

Parte-hartze sistema berezia

Sarako lasterketa hau egiten hasi zirenetik, antolatzaileek errekaren bi aldeetako lasterkariak gonbidatzen dituzte, 18 herriren ordezkariak izanen direnak. Gehienez ere bi lasterkarik har dezakete parte herri bakoitza ordezkatuz. Baina gonbidatutako herri bateko inork ez badu izenik ematen eta gonbidatua den bertze herri batetik bi lasterkari baino gehiago baldin badaude, azken hauek ordezkaririk ez duen herriaren izenean ateratzen dira proban.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun