Aroztegiak ez zuela babes berezirik erantzun du Urdazubiko alkateak

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 22a, 10:43
Aroztegiak ez zuela inolako balio arkitektoniko, historiko edo etnografikorik adierazi du Urdazubiko alkateak.

Oposizioko udal taldeari erantzun dio erranez ez dagoela Sepronaren edo Ur Konfederazioaren inolako salaketarik

Urdazubi Elgarrekin oposizioko udal taldeak aroztegia botatzearen inguruan egindako salaketen aitzinean, Santiago Villares Urdazubiko alkateak erantzun du erranez eraikin hori «ez dela Nafarroako kultur ondarearen zati bat eta ez duela inolako babesik Hirigintza Planean, beraz, zaharberritzeko, handitzeko edo aldatzeko aukera eskaintzen du».

 

Alkateak aipatu duenez, «egia da zaharberritze proiektu bat idatzi zela, baina lanak egiten hasterakoan, harrizko hormek eta zimentazioak ez zutela eraikinaren egituraren segurtasuna bermatzen ikusi zen». Zimentazio berria eman behar zitzaionez, aroztegi zaharra bota egin behar izan zen, «baina bere lerro nagusien gainean egin da eraikin berria».

Aroztegiko eraikin baldintzak «arras pobreak eta interes arkitektonikorik, historikorik eta etnografikorik gabeak» zirela ere azpimarratu du Urdazubiko alkateak eta horren inguruako dokumentazio grafiko ugaria omen dago. Aroztegiko osagai interesgarri bakarra ate baten ingurua zen, harriz egina eta eraikuntzaren urtea zizelkatua agertzen zuena (1715). Hain zuzen, hau berreskuratu eta eraikin berrian ere ezarri dute.

Santiago Villares alkateak adierazi duenez, «bota den bertze eraikina elurtegia da, eta ez kartzela, eta horrek ez du Apezaren Etxea bezala ezagutzen den etxean inolako eragin kaltegarririik izan». Azkenik, alkateak azpimarratu nahi du Urdazubiko Udalak ez duela Sepronaren ezta Ur Konfederazioaren inolako salaketarik jaso, «bakarrik ikuskatze-akta bat» eta salaketa bakarra Urdazubi Elgarrekin taldeak egindakoa dela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun