Urdazubi Elgarrekin taldearentzat «eskandalua da» Aroztegiarekin gertatutakoa

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 17a, 16:00
Teilatua berritu ordez, Aroztegia bota eta etxe berria eraiki dutela salatu du Urdazubi Elgarrekin taldeak.

Estalkia aldatzeko dirulaguntza lortu arren, «etxea bota eta berria eraiki dela» salatu du

Urdazubi Elgarrekin taldearentzat eskandaluzkoa da aroztegia eraitsi izana. Herriko Etxeari Cedernak emandako 50.000 euroko dirulaguntza 1715ean eraikitako aroztegiaren estalkia aldatu eta Plan Munizipalean jasoak diren eta herriak beharrezkoak dituen dotazioak bertan jartzeko obrak egiteko zen, «baina ez bota eta etxe berri bat eraikitzeko». Aroztegiaren ondoko etxea botako zela aipatzen zuen proiektuak, hau da, garai bateko kartzela zena. «Hala ere, Udalak bi etxeak bota zituen, hirugarren etxe bat, apezaren etxea izan zena arriskuan jarriz», dio oharrak.

Ondorioz, elizaren aldarearekin komunika­tzen zuen atea irekita geratu zen, eta elizaren kontrafuerteetako bat ere kaltetua suertatu zen. Konstruktoreak berehala itxi zuen ate hori horma bat eginez, inori fitxik erran gabe. Gure ustez, jokabide hori oso larria da eta proiektu honek izan duen trans­parentzia eza erakusten du. Zentzu hortan, atentzioa deitzen digu, legediak eta araudia betearazteko udal arkitektoa obra honen proiektua egin duen arkitekto pertsona bera izatea.

Ekainaren 10ean, Sepronako goardia zibil patruila batek Herriko Etxea eta Pedroarena konstruktorearen kontrako salaketa egin zuen ustezko bi lege hauste egiteagatik. Uztailaren 2an, Nafarroako Kultura Sailak idatzi bat igorri zion Herriko Etxeari. Gutun horretan, Ondare Historikoaren babesarekin arduraturik, Gobernuaren harridura jakin arazi zioten Alkateari, aroztegia eta kartzelaren zoluetan egiten ari diren etxe berria dela eta. Nafarroako Gobernuak Urdazubiko elizak duen babesa kontuan hartzeko orduan, elizaren ingurunea ere errespetatu behar dela adierazten dio alkateari. Hori dela eta, Udalak Bianako Printzearen Instituzioaren baimena eskatu behar zuela aurpegiratzen dio alkateari, eta «Urdazubiko monastegiaren elizaren eraikin guztiak Nafarroaren ondare kulturalaren parte dira, Urdazubiko Udal Planaren katalogoak aditzera ematen duen bezala».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun