SOS Alkerdi Plataformak ezagutzera eman du Alkerdiko lezean aurkikuntza berriak egin direla

Ttipi-Ttapa 2015ko uzt. 3a, 07:54
Gisa honetako irudiak topatu dituzte Alkerdiko lezean.

Magdaleniense garaiko marrazkiak topatu dituzte Urdazubin, bisonte eta zaldiak irudikatzen dituztenak

Diego Garate eta Olivia Riverok zuzenduriko ikerketaren ondorioz, irudi berriak agertu dira Urdazubiko Alkerdiko lezean. 2014-2015 bitartean eginiko ikerketaren ondorioak duela astebete argitaratu ziren, lana laburbiltzen duen artikulu batean.

SOS Alkerdi Plataformaren erranetan aurkitutako irudiak «galeria estu batean daude eta beraiek gauzatzeko zailtasunak harridura eragiten du. Galeria horretan hogei bat irudi grabatuta agertzen dira, bisonteen marrazkiek gehiengo nabarmena dutelarik; zaldi batzuk ere aurki daitezke. Horrez gain, hatzarekin margotutako bi puntu gorri ere agertzen dira. Irudi hauen itxurak Magdaleniense garaian kokatzen ditu, duela 14.000 urte inguru».

Aurkikuntza berri honek aurretik ezagutzen ziren irudien kopurua biderkatzen du –diote Plataformakoek-, Alkerdiko kobazuloa hormako artedun kobazuloen mapan gorengo postuetan paratuz. Hau  azken urteotan Nafarroako historiaurrearen inguruan egindako aurkikuntzarik garrantzitsuenetakoa izan daiteke.

 

Nafarroako Paleolitikoaren adibide ezagun bakarra

Plataformaren iritziz, Alkerdiko lezean eginiko aurkikuntza berriak, Urdazubiko ondarearen garrantzia handitzen du. Izan ere, Alkerdi da Nafarroa mailan Paleolitiko garaiko hormako irudiak dituen kobazulo ezagun bakarra. 1933 urtean Norbert Casteret espeleologo frantziarrak eman zuen bertan aurkitzen ziren irudien berri lehen aldiz. Geroztik, J. M. Barandiaran, Lorianako Markesa eta Maluquer de Motes bezalako ikerlari garrantzitsuek bisitatu zuten kobazulo hau hainbat artikulu  argitaratuz. Hala ere, bertan lan gehien egin duen eta informazio zehatzena eman duen arkeologoa I. Barandiaran izan da 1974 eta 1994 urteen artean hainbat kanpaina egin baitzituen.

Aurkikuntzaren inguruan informazio gehiago

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun