Berinak III. arte garaikide jaialdia maiatzaren 30etik ekainaren 14rat egiten ari dira Senperen

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2015ko mai. 29a, 07:42
Julio Le Parc artista ezagunak parte hartuko du Berinak III Arte garaikide erakusketan.

Berinak arte garaikide jaialdiaren hirugarren edizioa ospatuko da maiatzaren 30etik ekainaren 14rat Senperen. Iñaki Viquen­di eta Anne Marie Jeannou arte garaikidezale senpertarrek apailatzen dute hitzordu hau zubiak sortzeko gurea bezalako ohitura haundiko herri bat eta gaur egungo artearen artean.

 

Aurten ere goi mailako artistak izanen dira, hauen artean Julio Le Parc, Juan bere semea eta Eli erraina; Gonzalo Etxebarria Barkoxen plantatua den margolari bizkaitarra, Maia eta Baptiste Ibar miarriztarrak eta Bertrand Dezoteux.

1960. hamarkadan, GRAV taldearen baitan, egiteko molde garaikideak lantzen hasi zen Julio Le Parc, argi artifiziala, ingurugiroa eta ikusleen inplikazioaren inguruan. Londres, Los Angeles eta Tokion barna ibili da geroztik hizkuntza minimalistarekin. Berinak III festibalaren karietarat Jondoni Petri elizan erakutsiko ditu bere obrak.

Gonzalo Etxebarria bilbotarrak Madrilen eta Deban egin zituen ikasketak, Jorge Oteizarekin eta orain Mendikotako Uztaro artista taldearen sustatzaileetako bat da. Eliza eta Urdazuri ibaiaren artean den parke publikoan erakutsiko ditu bere lanak.

 

Artisten arteko eztabaidek, bideo erakustaldiek, Larreko aretoan eginen den musika emanaldiak eta eskoletako haurrentzat eginen diren sentsibilizazio tailerrek osatuko dute Berinak III arte jaialdiaren egitaraua.

Erlazionatuak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun