Liburu elebidun ugari aurkeztu dituzte Sarako Idazleen Biltzarrean

Ttipi-Ttapa 2015ko api. 7a, 10:35
Jendetza bildu zen Bazko Astelehenean Sarako Idazleen Biltzarrean (Foto Goiko)

Sarako etxeei buruzkoa eta bertze hainbat plazaratu dituzte

Sarako Euskal Idazleen Biltzarrak 32. aldia bete zuen Bazko Astelehenean, eta, berritasunen artean, andana bat agertu da elebiduna; euskal eta frantsesezko bertsioa liburu bakarrean elkartua. 

Sarako Euskal Idazleen Biltzarrak 32. aldia bete zuen Bazko Astelehenean, eta, berritasunen artean, andana bat agertu da elebiduna; euskal eta frantsesezko bertsioa liburu bakarrean elkartua.

 

Lehen orduan, Euskaltzaindiaren liburuak aurkeztu zituzten: Henri Duhauren Bahnar deitu salbaiak, Txomin Peillenen Mongongo Dassanzaren albaitaritzako idazlana (1692-1892) eta Natalia Zaikaren Approche textologique et comparative du conte traditionel basque dans les versions bilingues de 1873 à 1942.

Ondotik ere bertze aurkezpenak eginen dituzte Eneko Bidegainek (“Euskal Herria eta Gerla Handia”), Itsas Begia Elkarteak (itsas ondareaz eta Kilikaren aurkezpena), Marikita Tambourinek, Patri Urkizuk (1914-1918 Lekukoak) eta Dominique Duplantier-ek Sarako etxeei buruz.

 

Dominique Duplantierren marrazkiak oinarri, Les maisons de Sare / Sarako etxeak (Koegui) liburua, adibidez. Bazko Astelehenean aurkeztua. Odile Contamin historialariak eta Nelly Audenot arkitektoak idatzi dituzte testuak frantsesez lehenik eta Sarako Ondarea elkartearen eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren laguntza izan baitute, euskarazko itzulpena ere egin dute.

Kilika argitaletxeko Vincent Ahetz-Etxeberek ere Regard sur le patrimoine maritime basque / Euskal itsas ondareari behakoa liburu elebiduna kaleratu berri du, Itsas Begiarekin.

ZTK argitaletxeak Itxaro Bordaren Ezkia haizean kantari liburua ekarri du Sarara. Liburu bakarrak bi parte nagusi ditu. Lehen 31 orrialdeetan olerkiak euskaraz, eta jarraian frantsesez. Bordarenak dira bi bertsioak. Compagnie des Syrtesekin Otsozelaiko harpeentzat landuak.

Marikita Tanburinek ere Bi saiakera emazteen izenean / Deux essais aux noms des femmes (Maiatz) liburua ekarri du Sarara.

 

Hizkuntza bakoitzak azal bat izatean oinarritutako sistemarekin kaleratu du Victor Hugoren La nature / natüra andere Astobelarrak. Allande Etxartek euskaratua.

 

Arratsaldean haurren tailerra izan zen Delphine Goienetxe, Galtzerdi Marradunak eta ZTK argitaletxearekin. Oihaletxearen azpian, egun guzian Euskal Herria eta Gerla Handia (1914-18) erakusketa eta SAMB-Ikertzaileak taldearen eskutik “Zer gelditzen da Gerla Handiaz” erakusketa eta ostatua ere zabalik izan dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun