Herri Urratsen bilduko den diruarekin Ziburuko ikastola lagunduko dute aurten

Franck DOLOSOR 2015ko ots. 19a, 15:17
Herri Urratsen aurkezpen ekitaldia. Franck DOLOSOR

Kaskaroteneak 700 metra karratuko lur pribatua erosiko du Mariñela auzoan

Herri Urrats maiatzaren 10ean ospatuko da beti bezala gure herriko aintziraren inguruan eta aldi huntan bilduko den diruarekin Ziburuko Kaskarotenea ikastola lagunduko dute. Ikastola horrek gora behera ainitz izan du azken hilabeteetan Ziburuko eskuineko auzapezarekin ez baitio laguntzarik eman nahi. Azkenean, Kaskarotenekoek deliberatu dute 700 me­tra karratuko lur pribatua erostea Ziburuko Mariñela auzoan. Ho­rretarako 300.000 euro bildu behar dituzte eta jadanik elkartasun kanpaina hasi dute. 2014­eko Herri Urratsen karietarat 170.000 euro bildu zituzten euskaltzaleek Seaska federazioa eta Kanboko Xalbador ikastegia lagun­tzeko. Aurtengo irabazien parte bat Ziburuko ikastolari emanen zaio bainan baliteke Xalbador ere beharretan izatea justiziak erabaki baitu Seaskak itzuli beharko diola Gipuzkoako Foru Aldundiak eman nahi zion 600.000 euroko lagun­tza. Carlos Urquijo Espainiako gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen gobernu ordezkariak helegitea aurkeztu zuen aldundiak eman nahi zuen dirulaguntzaren aurka.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun