Irakasle bat kanporatu du Gobernuak

IƱigo IMAZ 2015ko ots. 19a, 15:15

Orain urtebete kargua utzi eta desagertu zen irakasleari funtzionario izaera kendu eta lanetik kanpora­tzea erabaki du Nafarroako Gobernuak. Ustez ETA erakunde armatuko IBIL talde kritikoaren kide izanagatik poliziak segimendua egiten zion bitartean, Urdazubi-Zugarramurdiko herri eskolako lanpostua utzi eta mugaz beste aldera ihes egin omen zuen. Hori dela eta, Hezkun­tza Sailak zigor espedientea ireki zion bere lanpostua utzi izanagatik, hutsegite larria dela egotziz. 
 
Herrian hagitz maitatua zen Fermintxo irakaslea. Gurasoen artean iritziak baikorrak dira gaur egun ere.  Guraso baten hitzetan, «irakasle bezela paregabea, umeek asko maite zuten. Berriak sorpresaz harrapatu gintuen, ez genuen ezer ulertzen». Bertze batek, alta, desagertu ondoren Guardia Zibilak eskolan sartu zireneko uneak gogoratzen ditu «umeak beldurturik zeuden eta eskatu genien mesedez armekin ez ibiltzeko eskolan, alperrik». «Umeek asko maite zuten eta joan zelarik pena handia hartu genuen, batez ere umeek. Gaur egun oraindik beragatik galdegiten digute», dio hirugarren ama batek. Herriaren alde egindakoa oroi­tzen duenik ere bada.
 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun