Xareta Egunaren lehen edizioa arrakastatsua suertatu zen Urdazubin

TTIPI TTAPA 2012ko ira. 18a, 17:10
Xaretako lau herrietako alkateak. Ezker-eskuin, Henry Dagerre (Ainhoa), Jean Battite Laborde (Sara), Santiago Villares (Urdazubi) eta Laxaro Dainziart (Zugarramurdi). Juan Luis

Ainhoa eta Urdazubi lotzen dituen bidaxka turistikoa inauguratu zen

Xareta Egunaren lehenbiziko edizioa ospatu zen irailaren 16an, igandean Urdazubin. Mugen arteko herriak sustatzeko eginahala egin dute ospakizun berri honekin; Urdazubi eta Zugarramurdi Nafarroan eta Sara eta Ainhoa Lapurdin. Urdazubiko lehen edizioaren ondotik, urtero 4 herrien artean aldatzen joateko asmoa dute.

Xareta Egunaren lehenbiziko edizioa ospatu zen irailaren 16an, igandean Urdazubin. Mugen arteko herriak sustatzeko eginahala egin dute ospakizun berri honekin; Urdazubi eta Zugarramurdi Nafarroan eta Sara eta Ainhoa Lapurdin. Urdazubiko lehen edizioaren ondotik, urtero 4 herrien artean aldatzen joateko asmoa dute.

Egun horren aitzakian, Urdazubi eta Ainhoa lotzen dituen bide turistikoaren inaugurazioa egin zuten. Ekitaldian, zinta mozten izan ziren lau herrietako allkateak: Santiago Villares (Urdazubi), Henry Dagerre (Ainhoa), Jean Battite Laborde (Sara) eta Laxaro Dainziart (Zugarramurdi). Lehendik ere, Ainhoa eta Urdazubiko bizilagunek erabiltzen zuten bidaxka hau, baina orain egokitu eta euskal zalditxoekin seinalizatu dute. Bidearen hasmenta adierazten duen mugarria, Urdazubiko Genaro Fagoaga eskulangileak egin du bertako harri gorrian.

Bien bitartean, Urdazubiko plazan eskulangileek beraien lanak erakutsi eta saltzen saiatu ziren eta inguruan, Zugarramurdiko Txomin Amorenak eta bere koadrillak zikiroa prestatu zuen.

Arratsaldean, berriz, abuztuaren 4an hasitako Pilotaren Unibertsoa ekimenari akitu zen, lau pilota modalitateren erakustaldiarekin. Egun osoan musika doinuak nagusitu ziren, akordeoilarien eskutik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun