Gure Irratia 90,5ean entzungai

ttipi-ttapa 2009ko ira. 3a, 13:19

Irailaren 12tik goiti Sara, Ainhoa, Zugarra­murdi eta Urdazubiko itzalguneak estali ditu Gure Irratiak, Sarako Suhalmendin jarri errepikagailuaren medioz. Egun hortatik goiti, Xaretako bizilagunek 90,5 frekuentzian entzuten ahal dute Gure Irratia. Aitzaki horrekin eta Sarako festen karietara, Gure Irratiaren estudio ibiltaria izan zen Sara­ko plazan, programa be­rezi baten hedatzeko. Mikel Etxebarria eta Lucien Etxezaharretak zuzendurik «Gure Irratia eguzkitarat» maga­zine emanaldiak errezibitu zituen Sara, Ainhoa, Zugarramurdi eta Urdazubiko alkate auzapezak, Besta Komitea, elkarteak, ofiziale eta komertsantak.
Gomita berezi bat zuzendua da Sarako 750 familieri, beren diru laguntza eskatuz, bu­ru egiteko gisan erre­pikagailu horren jar­tzeak gostatu 40.000 liberei.
Bertzalde, urriaren hastapenean Pausun bertze errepikagailu bat jarri nahi du Gure Irratiak, frekuentzia berdinarekin, Hendaia, Pausu, Biriatu, Irun eta Hondarribiko itzalguneen estaltzeko, kontuan hartuz gune hortan 35.000 euskaldun badirela.
Heldu den abenduaren 24an Gure Irratiak bere 20 urteak ospatuko ditu eta pittanaka, dituen itzalguneak estaltzen ari da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun