erran.eus

Interneteko konexio simetriko ultralasterra antena bidez zabaltzen hasi dira Baztan-Bidasoaldean

  Gizartea  Mendialdea

Zuntz optikoaren ‘alternatiba’ den sistema honek, nabarmen hobetzen du ADSL eta satelite bidezko konexio sistemek eskaintzen duten abiadura

Interneteko konexio simetriko ultralasterra antena bidez zabaltzen hasi dira Baztan-Bidasoaldean
Banda-zabalera beharraren arabera aldatzen ahal da instalazio berririk egin gabe | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Dagoeneko eginak dituzte hainbat instalazio Ibardin eta Dantxarineko benta eta jatetxetan, Berako industrialdean, eta Etxalar eta Igantziko hotel eta jatetxetan. Laster instalazio gehiago eginen dituzte Baztan-Bidasoalde osoan. Horretarako, antenak kokatu dituzte inguruko mendi estrategikoenetan (Larun, Frain, Gorramendi…) eta antena horien bitartez 100 Mb arteko konexio-abiadura eskuratuko dute erabiltzaileek, abiadura berdina igotzeko eta jeisteko.

Javier Ubiria, Bera Informática-ko arduradun eta Nafarroako mendialdean sistema honen banatzaile ofizialak adierazi digunez, «urtetan soluzio egoki baten bila ibili ondotik, Gestel enpresarekin elkarlanean lortu dugu abiadura eta prestazio handiko interneteko konexio-teknologia garatzea, irrati-uhinen bidez konektatzen dena, eta horretarako ez da beharrezkoa telefono-linea berri bat kontratatzea». Funtsean, dio Ubiriak, «Baztan-Bidaso aldean parabolikoen antzeko antenen bitartez egiten ditugu konexioak eta nodo hauek beste antena nagusi batekin konektatzen dira. Eta antena nagusi hori zuzenean internetera lotua dago zuntz optikoarekin eta, modu horretara, 200 Mb arteko konexio simetrikoa bermatua dago. Interneteko konexioaz gain, aukeran telefonia eta sare-birtual pribatuera sarbide-zerbitzua ere eskaintzen dugu».

Sistema honen abantailak defenditzen ditu Ubiriak. «Satelite bidezko beste sistemekin konparatuz, guk eskaintzen dugun sistemak abantaila nabarmenak ditu: antenen arteko distantzia ttikia da eta berehala konektatzen dugu abiadura eta prestazio handiko zuntz optikoarekin 200 Mb arteko abiadura bermatuz. Banda-zabalera ere beharraren arabera berehala aldatzen ahal da instalazio berririk egin gabe. Funtsean, sistema berri hau zuntz optikoaren alternatiba da».

Dagoeneko egin dituzte lehen instalazioak Ibardinen, Dantxarinean, Urdazubin eta Berako industrialdean. «Pozik eta ilusionatuak gaude» dio Bera Informática-ko arduradunak eta Nafarroako Mendialdean sistemaren instalatzaile esklusiboa den Javier Ubiriak. Hurrengo asteotan instalazio gehiago programatuak dituzte Baztanen, Lesakan, Igantzin, Arantzan eta Etxalarren.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa