Baztan-Bidasoko GR ibilbideen mantenimendua abiatu da

Ttipi-Ttapa 2017ko ots. 17a, 11:00
GR ibilbidea mantentzeko boluntario taldea indartu nahi dute.

Nafarroako Mendi Federazioak garatuko du, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoaren laguntzaz eta boluntarioak lortzeko kanpaina abian jarri du

Iazko udazkenenean inauguratu zen Izpegin  (Erratzu, Baztan) Baztan-Bidasoko GRen (Ibilbide Luzeak) sarea. Guztira 208 kilometro dira, horien artean GR-11 (Transpirenaika) eta GR-12 (Euskal Herriko Bidea) ezagunak, eta GRT Bidasoa eta GRT Kulunka ibilbide berriak. Proiektua Nafarroako Mendi Federazioak garatu zuen, bideak markatzeko boluntario talde baten laguntzaz; horren antolakuntzan Baztan-Bidasoa Turismoa elkargoak parte hartu zuen.

 

2017an ibilbide sare horren seinalizazioa mantentzea da helburua, boluntario taldea indartuz. «GR ibilbideak baliabide turistiko garrantzitsua da Baztan-Bidasoan, gure herriak, bailarak eta paisaia oinez ezagutzeko bide seguruak dira; ez bakarrik mendizale trebeentzat, baita ohiko ibiltarientzat ere. Horregatik ekimen honekin parte hartzen dugu, 2017an gure helburuetako bat da» dio Mikel Albisuk, Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoko lehendakariak. Elkargoak bere bazkideen eta Baztan-Bidasoko biztanleen artean boluntarioak biltzeko kanpaina abian jarri du, erronka handi batekin: eskualdeko GRen mantenimendua bertako boluntarioen bidez egitea.

Bolondresa izateko izena emateko epea otsailaren 28an bukatuko da. Gero oinarrizko formazio ikastaro bat eginen da. Informazioa eta Izen ematea: info@baztan-bidasoa.com  / 948 592 323 (goizez) / 659 477 396

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun