Azkue Fundazioak euskal blogintzaren inguruko inkesta bat aurkeztu du

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko ots. 10a, 09:49

Blogariak, Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa ere martxan jarri du

Azkue Fundazioak euskal blogintzaren egoeraren azterketa egin du eta, azken urtetan alor honetan ikerketa edo analisi sakonik egin ez dela ohartuta, euskal blogintzaren inguruko inkesta publikoa sortu du. Edonork bete dezakeen inkesta da eta horren helburua, euskarazko blogen inguruko datu baliagarriak lortzea da: kopurua, nola kudeatzen diren, zein baliabide erabiltzen dituzten, etab. Inkesta honen emaitzak publikoak izanen dira eta Azkue Fundazioak partekatu eginen ditu.

Zer bilatzen da inkesta egitearekin?

Azkue Fundazioaren asmoa da inkesta ahalik eta euskaldun hiritar kopuru handienari helaraztea horrela, erantzun kopuru handia jasotzea. Datu horiek baliagarriak izanen dira arlo honetan lan egin eta ekiten duten eragile guztientzat: blogariak, irakurleak orokorrean, interneteko garatzaileak, erakundeak…

Ahalik eta erantzun gehien izatea lortu nahi da, horrela ikuspegi erreal eta zabala lortuko delako eta informazioa benetan baliagarria bilakatuko delako. Zenbat eta inkesta kopuru gehiago lortu, emaitza aberatsagoa eta osatuagoa izanen da. Lortutakoa egoera errealaren isla izanen da.

Egungo egoera ezagutu eta etorkizunera begira estrategiak, garapenak eta egitasmo berriak martxan jarri ahal izateko beharren inguruko datuak ezagutzeko tresna baliagarria bilakatuko da inkesta.

Inkesta honelako galderei erantzuten saiatuko da: Zenbat blog daude euskaraz idatzita? Zein gai eta arlo lantzen dira? Zenbat blogari euskaldun daude? Nola daude garatuta? Etekinik sortzen dute? Eta kontsumitzailearen ikuspegitik, nahikoa da blog horiekin? irakurleen beharrak asetzen dituzte blog horiek? Zein gai gustatuko litzaieke irakurleei euskaraz landuta izatea?

 

Inkestaren ezaugarriak

Inkesta hau publikoa izanen da eta Azkue Fundazioak bere ohiko komunikazio baliabideen bidez zabalduko du.

Inkesta gizarte osora zabalik dago, hau da, edozeinek bete dezake; edozein blogarik edo blogen kontsumitzailek, nahiz eta blogik ez izan; sarean ibiltzen den edozein euskaldunek. Ikuspegi bitatik landu da galdetegia, eta azterketa bikoitza egin nahi da: une honetan sarean dauden euskarazko blogen izaeraren inguruan sakondu; baina baita irakurle, edo kontsumitzaileok zein eduki mota kontsumitzen ditugun ezagutu eta zein behar sumatzen ditugun jakitea ere.

 

Euskal blogariak lehian

Bertzalde, Azkue Fundazioak Blogetan! Euskal blogariak lehian egitasmoaren bigarren edizioa jarri du martxan duela gutxi. Lehiaketa honetan Argia aldizkaria du laguntzaile. Helburua euskaraz sortzen diren blogak ezagutu, zabaldu eta sustatzea da.

Informazio gehiago: http://www.azkuefundazioarenegunkaria.eus/euskal-blogintzari-buruzko-inkesta-lagunduko-gaituzu-datuak-lortzen/

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun