erran.eus

Genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzu berria zabaldu da eskualdean ere

  Gizartea  Mendialdea

Iruñean dago Nafarroako mendialde osoari zerbitzua eskaintzen dion bulegoa

Genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko lan-taldea Nafarroako Gobernuaren zerbitzua da. Nafarroan orain arte, bi zerbitzu zenden, bata Tuteran eta bertzea Lizarran. Abenduaren 15ean bi gune berri jarri ziren martxan, bata Tafallakoa eta bertze bat Iruñerriko eta Nafarroako iparralde guztirako (Altsasutik Zangozaraino atendituko duena).

Genero indarkeriaren biktimei arreta integrala emateko zerbitzu berria zabaldu da eskualdean ere
Genero indarkeriaren kontra Arantzan egindako elkarretaratzea. | Ikusi handiago | Argazki originala

Genero indarkeria sufritzen ari diren emakumeei harrera emateko talde espezializatua da. Lan-talde honek atentzio integrala (ikuspuntu ezberdinetako laguntza) emanen du. Horretarako profesional ezberdinek lan egiten dute zerbitzuan, hain zuzen ere: gizarte langilea, gizarte hezitzailea, psikologoak eta abokatuak. Euskaraz ere aritzeko aukera bada.

Genero indarkeria sufritzen ari direnentzat zuzendua da (edozein intentsitateko indarkeria artatuko da) eta ez da beharrezkoa salaketa aurkeztea.

Zerbitzu honetan zer aurkituko dugu? Gaiaren inguruko informazio orokorra eta oinarrizkoa, aholkularitza, esku hartze psikosoziala, lege kontuen inguruko informazioa, lan-arloko argibidea, laguntza ekonomikoen informazioa, osasun-arloari buruzko argibidea edo babesaren alderdien informazioa, bertzeak bertze.

Eskualdeari dagokion bulegoa Iruñean dago, Valtierra karrikako 13. Zenbakian, beheko pisuan (Orvinaren gibeleko aldean). Zuzenean, 948 004952 edo 948 004953 telefonoetara deitzen ahal da, astelehenetik ortzegunera, 08:00etatik 19:00etara eta ortziraletan 08:00etatik 17:00etara. Horretaz gain, Gizarte Zerbitzuen bitartez edo genero indarkeria sufritzen ari direnentzatko harrera zerbitzuen bidez ere jar daiteke garremanean.

Zerbitzu honetan egiten duten lanei dagokienez, balorazioa egin (emakumearen egoeram familiarena, bere inguruko egoera…), plan pertsonalizatua ere diseinatzen dute (psikologoek eta gizarte langileek) eta taldeentzako atentzioa ere badago.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa