Egitasmo berriekin hasi du urtea Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoak

Ttipi-Ttapa/Xorroxin 2017ko urt. 18a, 07:39
GR ibilbideen aurkezpena eginen dute Fiturren eta mantenimenduan lan eginen du Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoak.

Aurten ere Fiturren izanen da, eta GR ibilbideen mantenimendu egitasmoa aurkeztuko du Mendi federazioarekin batera

Urtarrilak 11n egin zuen Ohiko Batzar Orokorra Baztan-Bidasoa Turismoa Elkargoak. Orohar, 2016 urtea ongi joan da sektorean, krisitik errekuperazio bidean. Kontuak onartu eta 2017ko proiektuak eta aurrekontua aurkeztu eta onartu ziren, guztira 58.324 euroko diru sarrera-irteerak izanen dituena. 

 

Proiektuak hauexek dira:

  • Web gunea eta Informazioa eta Erreserbatako Zerbitzua eguneratzea.
  • Ekitaldien Agendaren kudeatzea.
  • Formazio ikastaroak.
  • “Zer egin Baztan-Bidasoan” informazio eskuorria
  • Hegaztien VIII Jardunaldiak
  • Ehizaren XXV Jardunaldi Gastronomikoak
  • Eskoletako informazio kanpaina
  • EuroVelo-Bide Berdeko informazio eskuorria
  • Bisita Gidatuen proiektua
  • Baztan-Bidasoako Mapa Zikloturista
  • Ederbideari buruzko jardunaldi teknikoa
  • Martxa zikloturista Ederbidea-Bide Berdean
  • Frantziar Estatuan promozio kanpaina
  • Baztan-Bidaosako GRen sarearen mantenimendua
  • Feria Turistikoak

Aurten ere Baztan-Bidasoa Turismoa Madrid-Fitur Turismo ferian izanen da eta Nafarroako Mendi Federazioarekin GR ibilbideen sarea aurkeztuko da. Elkargoa ere Barzelonan, Bilbon, Donostian eta atzerriko bertze ferietan ere izanen da.

Baztan-Bidasoa Turismoak 80 bazkide du egun eta 2016an Artisauen Elkartea ere sartu da Elkargoan, guztira 6 elkarte bilduz. Aurten erronka bat onartu du Batzarrak: bi urte pasa ondoren, elkargoaren nondik norakoa eta turismoaren dekalogoari buruzko hausnarketa eginen du Elkargoak 2017an zehar.

 

Lan eskaintzak

Bertze aldetik, Baztan-Bidasoa Turismo Elkargoak turismo teknikari bat behar du, astelehenetik ortziralera aritzeko Bertizko Landa Turismo Zentroan (30 ordu astero). Kurrikulumak info@baztan-bidasoa.com helbidera bidali behar dira urtarrilaren 26ra bitarte. Bertzko Landa Turismo Zentroko artisautza denda kudeatzeko ere pertsona bat behar da. Kurrikulumak helbide berera bidali behar dira, otsailaren 1a bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun