San Anton eguneko ospakizunak eginen dituzte Elizondo, Zubieta, Lesaka eta Erratzun

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 16a, 11:32
San Anton eguneko zozketak ikusmina pizten du Elizondon.

Elizondon, Zahar Etxearen aldeko zozketa eginen da asteartean 13:00etan

Urtarrilaren 17a. San Anton Eguna. Abeltzainen zaindaria. Hori dela-eta, eskualdeko zenbait herritan ospakizunak eginen dituzte. Zubietan eta Lesakako Endara auzoan meza izanen da San Anton baselizetan (Lesakan, igandean eginen dute ospakizunik handiena). Elizondon, errifa eginen dute Zahar Etxearen alde, 1867. urtetik egiten den bezalaxe. Erratzun afaria izanen dute emakumeek.

 

Elizondon egun handia izaten da San Anton eguna. Goizetik, Francisco Joaquin de Iriarte Zahar Etxearen aldeko errifaren azken txartelak saltzen ibiliko dira albinteak. Denera 20.000 boleto jarri dira salgai. Lehenbiziko saria, aretzea izanen da, bigarrena zerria, hirugarrena bi bildots eta laugarrena urdaiazpikoa. Zozketa, berriz, 13:00etan eginen da Balleko Etxeko balkoian eta San Francisco Javier eskola publikoko eta Baztan Ikastolako neska-mutikoak arduratuko dira zenbakiak ateratzeaz. Bertsolariak ere ariko dira eguerdian eta Baztanzopak eskainiko dira 11etatik aitzinera.

Lesakan Endara auzoko San Anton baselizaren inguruan eginen dituzte ospakizunak. Asteartean bi meza izanen dituzte (10:00 eta 11:00), larunbatean soinulariek kalejira eginen dute herrian zehar eta igande goizean mezak izanen dira orduero (10:00, 11:00 eta 12:00), baita trikitixa doinuak, erroskila saltzaileak eta bertze hainbat kontu ere. Lesakatik eta inguruko herrietatik oinez, bizikletaz, zaldiz eta, batez ere, autoz hurbiltzeko ohitura handia izaten da. Lesakatik, mendi ibilaldia antolatu du Beti Gazte elkarteak 08:00etan plazatik abiatuta eta Buruztanka Gaztetxeak ere ibilaldia antolatu du. Arratsaldean dantzaldia izanen da Plaza Zaharrean.

Zubietan ere San Anton egunak tradizio handia izan du. Izen bereko baseliza moldatu zutenetik, egun horretako meza ere berreskuratu dute. Lehen aziendak emateko ohitura izaten zen, baina hori galtzen joan da. Igande goizean, beraz, meza izanen da eta ondotik trikitilariekin hamaiketakoa baseliza atarian, herriak eskainia Bittori Erasunen laguntzarekin. Eguerdian otorduak eskainiko dituzte Errandonean eta Herriko Ostatuan eta arratsaldean udalak txokolatea banatuko du herriko estalpean eta bidenabar herriko musikariak ere ariko dira ilunabarrean..

Erratzun ere egun berezia izaten da San Anton Eguna, batez ere, emakumezkoentzat, eta aurten ere hutsik egin gabe, hainbat emakume elkartuko dira afaltzera

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun