Izokin-eremuko amuarrainkumeen dentsitatea hirukoiztu egin zen iaz

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 11a, 08:50
407 izokin helduk egin zuten Bidasoa ibaian goiti iaz. Irudian, horietako hiru batera saltoan Bera-Lesakako nasan. Argazkia: Rafael Eneterreaga

Bidasoa ibaian goiti 407 izokin joan ziren 2016. urtean 

Nafarroako izokin-eremuko amuarrainkumeen dentsitatea hirukoiztu egin da 2016an 2015arekin alderatuz; hala, iaz 1.645 arrainkume izan ziren hektarea bakoitzeko, hau da, serie historikoaren batez bestekoa baino % 15 handiagoa. Horrek ekarri du dentsitatea guztira 2016ean 2.295 amuarrainetara igotzea hektarea bakoitzeko (2015ean, 1.183 izan ziren). 

 

Hala ere, amuarrainaren balio osoa Nafarroan 1992an izan zen banaz bertzekoaren beheiti segitzen du (% 20), Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuak  egindako azken txostenean jasotzen denez.

Hazitakoek igoera txiki bat izan dute arro guztietan, nahiz eta 2015eko dinamika txarrak «ez duen baikor izaten uzten», egindako balorazio teknikoaren arabera: izan ere, hazitakoen banaz bertzeko dentsitateak maila ahuletan daude oraindik, Mediterraneo isurialdeko arro guztietan oso antzeko balioak izanik. Eska-Salazar arroa dago okerren, helduen edo hazitakoen, gazteen eta kumeen dentsitate normalera ez baita iristen. Ega-Urederra, Irati-Erro, Arga-Ultzama eta Arakil-Larraunek arrainkumeen ekoizpenean «nahiko» bat dute, baina helduen eta gazteen dentsitate ahula edo oso ahula izaten jarraitzen dute.

Ingurumeneko langile teknikoek azaldu duten moduan, «badirudi aurten zerbait hobeto gaudela, baina oraindik aurreko urteetako ondorio tamalgarriak pairatzen ari gara, iaz agertu zirenak, eta oraindik beste bi urtez nabarituko dira». Kanturi isurialdeko arroek bakarrik dituzte helduen dentsitateak iritsi nahi den gutxieneko atalasearen gainetik. Hala, Oria-Urumea eta Baztan-Bidasoa dira baldintza onenetan duaden arroak, Baztan-Bidasoak helduen dentsitateari eusten baitio eta Oria-Urumeak helduen dentsitate sendoak izaten jarraitzen baitu.

 

Amuarrainen jarraipena

Urtero, 1990. hamarkadaren hasieratik, Nafarroako ibaietan dauden amuarrainen egoeraren jarraipen bat egiten da, Basozaintzak egindako laginetan oinarrituz, eta lan horretan arrantzale-elkarteek emandako laguntzari esker, Nafarroan dauden amuarrainen datuak lortzen dira. Jarraipen horretan, ibaian dauden amuarrainen neurri eta egitura aztertzen dira, arrain-denboraldia amaitzen denean. Hala, ibaian zenbat amuarrain geratzen diren jakiten da, eta baita populazioa osatzen duten adin-taldeen osaera ere: arrainkumeak, gazteak eta heldu ugaltzaileak.

Azterketa horiei esker, Nafarroako izokin-eremuetako zatien zama-gaitasuna zenbatekoa den kalkula daiteke, hau da, amuarrain-kopuru garrantzitsu samar bat hartzeko duen ahalmena. Azken hori faktore askoren mende dago, esaterako: uraren kalitatea, emaria eta tenperatura eta oro har, hondoen osaera eta ibaiertzen egoera ona. Baldintza horiek askoz hobeak izaten dira amuarrainentzat ibaiburuetan eta mendiko bere ibaiadarretan eta ibaian behera gutxitu egiten dira. Azterketak diotenez, abendu, urtarril eta otsaileko uhaldiek bereziki arrainkumeen ekoizpen txikia eragin dezakete, arrainen sorlekuak eta sortu berriak aurretik eramaten baitituzte. Iragan neguan ez zen uhaldi garrantzitsurik izan, eta horrek badirudi arrainkumeen datu onak izatea eragin duela, oro har.

 

407 izokin joan ziren Bidasoan goiti iaz

Bertzalde, aipatu behar da 2016an 407 izokin helduk egin zutela Bidasoa ibaian goiti arrabatzeko, Basozaintzak Bera-Lesakako nasan jasotako datuei buruz egindako lehen analisiaren arabera; haiei azken sasoian arrantzatutako 60 izokinak erantsi behar zaizkie.

Badirudi izokinaren berreskuratzean dagoen joera positiboak 400 arrainen gainetik jarraitzen duela azken zazpi urteetan; 1990eko hamarkadatik, berriz, 250 bat itzultzen ziren banaz bertze. Beraz, badirudi aurreko hamarkadekin alderatuz, aleen banaz bertzekoari eusten zaiola, azken urteotan ibaian goiti egindako izokin-kopuruak beheiti egin arren.

Amuarrain-populazioekin gertatzen den moduan, izokin atlantiarraren kumeen maila ona izan da. Oparotasun-indizea eskura dauden datu-serien artean onena da, izokinkume naturalaren urte onari esker nahiz Mugairiko arrain-haztegiko birpopulazioari esker. Izokinkumeen ekoizpenaren igoera gertatu da bi urtez segidan (2014 eta 2015) ekoizpen oso txikia izan ondoren, amuarrainarekin gertatu denaren antzera.

Datu horiek Ingurumenak urtero egiten duen azterketaren aurrerapenetik ondorioztatzen dira, eta hura datorren udaberrian argitaratuko da. Txostenean izokinen bilakaera jasotzen da, bai eta beste zenbait ezaugarri ere: pisua, luzera, altuera, sexua, adina eta jatorria.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun