897 langabeturekin bukatu da 2016. urtea eskualdean

Ttipi-Ttapa 2017ko urt. 11a, 08:46

Azaroan baino 5 gehiago dira, baina 2015eko abenduan baino 113 guttiago

2016. urte bukaeran 897 langabetu zeuden Doneztebeko Enplegu Bulegoan izen emanak, azaroan baino baino 5 gehiago. Halere, azkeneko urte bukaerei erreparatuta daturik baikorrena da, iazko abenduan baino 113 langabetu guttiago baitira, 2014 urte bukaeran baino 287 guttiago edo 2013koan baino 500 guttiago, erraterako.

 

2016ko abenduko gorabeherak kontuan hartuz, 584 kontratu egin ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez, horietatik 49 bakarrik mugagabeak.

Adina eta sexuari dagokionez, 25 urtez goitiko gizasemeen artean 381 lagun daude langabezian, azaroan baino 13 gehiago. Adin tarte horretako emakumeen artean ere azaroan baino 9 gehiago daude langabezian, 454. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean, aldiz azaroan baino 7 lagun guttiago daude langabezian, 36 lagun. Adin tarte horretako emakume gazteen artean ere azaroan baino 10 langabetu guttiago daude, 26 denera.

Zerbitzuen arloak segitzen du langabe gehien izaten, baina abenduak 3 guttiago utzi ditu, 647tik 644ra pasatuz. Industria arloan, aldiz, 7 langabetu gehiago daude, 121 denera. Eraikuntzan, azaroko langabetu kopuru bera zegoen abendu hondarrean ere, 62. Nekazaritzan 5 lagun gehiago daude lanik gabe, 31 denera, eta aitzinetik lanik egin ez dutenen artean 39 lagun daude langabezian, azaroan baino 4 guttiago.

 

2016an zerbait hobetu da egoera beltza

2015. urtea 1.010 langabeturekin bukatu ondotik, 2016ko urtarrila berriz ere ilbeltza izan zen eta 89 lagun gehiago izan baitziren langabezian, 1.099. Otsailean 1.088ra jautsi zen (-11); martxoan, mila laguneko langa jautsi zuen, 969 langabeturekin (-119); apirilean 977 (+8); maiatzean 920 (-57); ekainean 893 (-27); uztailean 894 (+1); abuztuan 905 (+11); irailean 894 (-11); urrian izan zen urte osoko daturik onena, 860 langabeturekin (-34); azaroan 892 (+32) eta abenduan 5 gehiago (897 denera). 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun